[Bideoa eta galeria] "Jarrai dezagun herri hau eraikitzen, konfiantza, konpromiso eta itxaropenetik"
Aizpea Otaegi Mitxelenak, bigarrenez jaso du Errenteria gidatzeko aginte makila. Eskertuta, hunkituta eta "herri hobea eraikitzen jarraitzeko" konpromisoarekin hartu du kargua.
Txalo artean eta hunkituta hartu du aginte makila, bigarrenez, Aizpea Otaegi Mitxelenak. Pleno aretoan jaso du babesa, baina baita kanpoan kargu hartze ekitaldia zuzenean eman duen pantaila erraldoiaren aurrera bildutako herritarrena ere.
Ez zen sorpresarik espero gaurko kargu hartze ekitaldian; are gutxiago, atzo eguerditik EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak gobernu akordioa modu publikoan aurkeztu eta sinatu zutelako. EH Bilduren zerrendaburua, jardunetako alkatea eta hauteskundeetan alde handiarekin irabazlea izan den zerrendaren ordezkaria izan da alkatetzarako hautagaitza aurkeztu duen bakarra.
11:00ak puntuan hasi da udal pleno aretoan saioa. Adineko mahaia osatu dute lehenik. Bertan EH Bilduko bi ordezkari, zinegotzirik helduena Alazne Korta, eta gazteena, Aitor Zorzano. Banan bana deitu dituzte zinegotzi kargua hartu behar zuten ordezkari politikoak ondoren. Kargua hartzeko formula bera erabili dute EH Bilduko zinegotziek, “Legeak hala behartuta, hitz ematen dut”. Bernar Lemos koalizio subiranistaren ordezkariak Errenteria-Orereta herri duinagoa egiteko onena emango duela hitz eman du bere txanda heldu denean, “justuagoa, iraunkorragoa, berdinzaleagoa izateko lan egingo dudala. Hitza ematen dut, herritik eta herriarentzat arituko naizela, guztionak eta publikoak diren zerbitzuengatik tinko borrokatuko dudala. Hitza ematen dut, giza eskubide guztien alde ariko naizela, banakakoak eta kolektiboak defendatuko ditudala. Hitza ematen dut euskal errepublika solidario eta abegikor baten alde lan egingo dudala. Legeak hala behartuta, hitza ematen dut”.
Iñaki Queralt EH Bilduko kideak, berriz, Francis, Altxu, Emili eta Mikel Martin ekarri ditu gogora, “horien memoriak ohoratzeko eta balioesteko konpromisoa hartzen dut, gure jendartearen sexu askapenaren aldeko euren ibilbideek markatutako bideari jarraituz”. Herriko plazan bildutakoen txalo zaparradarekin erantzun dituzte Queralten hitzak.
Elkarrekin Errenteriako bi ordezkariek formula propioa baliatu dute ere kargua hartzeko unean. Maite Gartzia bozeramaileak “errespetuz eta umiltasunez” lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du “Errenteria feminista, sozialki justua, inklusiboa, iraunkorra eta animalistaren alde, herritarrak uneoro erdigunean jarrita. Inor atzean utziko ez duen Errenteria baten alde. Eta hori gainera, Patxi Astibia—pasa den abuztuan zendu zen—nire lagunaren eskutik egingo dudala legeak hala behartuta, zin egiten dut”.
Elkarrekin Errenteriako Yolanda Martinek, berriz, bere energia, konpromisoa eta lana “denok bizi nahiko dugun” Errenteria eraikitzeko jarriko duela esan du, “eta legeak aginduta, zin egiten dut”.
EAJko zinegotzien artean, Elixabete Muruak ere “legeak hala behartuta” formula baliatuta egin du zin.
Esker on mezua herritarrei
Eskerrak eman ditu lehenik Errenteriako alkateak, “eskerrak gutako bakoitza hautatu eta babestu gaituzuen herritarrei; eskerrak zinegotzi guztiei herri honekiko erakutsitako konpromisoarengatik, eta eskerrak, gobernu kide izan ditugun eta izango ditugun Elkarrekin Podemos Ezker Batua Aliantza Berdeko ordezkariei, akordioa politikagintzaren erdigunean jarriz, aurrerakoia den ardatz bat egituratuz gobernu sendoa eraikitzea eta neu alkate izatea ahalbidetu duzuelako”.
2019an Errenteriako alkatetzara heltzen lehen emakumea izan zela gogora ekarri nahi izan du; herriarentzat historikoa izan zen, eta dagoeneko hori berritasuna ez bada ere, konfiantza eskertu die herritarrei, “nagoen arduran eta herri honen etorkizuna gidatzen jarraitzeko aukera eman didazuen guztiei. Eskerrak herritarrei zuen hautua hain garbi adierazteagatik”. Gaurkoa bezalako egun berezi batean, keinua egin die, duela lau urte egin zuen modu berean herriko emakumeei, haiek erdigunean jarriz. Haiei ere eskerrak eman dizkie: “Eskerrak, esparru batean zein bestean urratzaile izan diren herriko emakume guztiei. Zuen hegoak zabalduz, gureak zabaltzeko bidea erraztu diguzuelako”.
Alkate eserlekuan bera eserita egotea “garrantzi handikoa” dela esan du ondoren, “lorpena eta garipena da”, baina ezin dela hori izan, paisai humanoa aldatzea, alegia, euren anbizio bakarra gaineratu du: “Hori baino gehiago nahi dugu, politika egiteko moduari eta politikaren izendapena merezi duenari gure ekarpena egin nahi diogu” .
Konfiantza, konpromisoa eta itxaropena
Egungo egoera soziopolitikoari ere erreparatu dio alkateak, eta orainari zein etorkizunari aurre egiteko oinarrizko hiru kontzepturi jarri die azpimarra: Konfiantza, konpromisoa eta itxaropena. Ezinbesteko kapital sozial eta politikoa da haren ustez konfiantza komunitatea eraikitzeko: “Begoña Roman filosofoari entzun diot orain gutxi esaten, hiri kontzeptua juridikoa izan daitekeela. Hiritarra hirian bizi edo hura arnasten duen edozein dela; polisetik kanpo jainko edo basapizti garela, eta nahiz eta batzuetan basapizti modura, eta beste batzuetan jainko gisa jokatu, hirian gertatzen den orok gugan eragina duela, espazio batean bizitzeak eragiten digun neurrian”. Bat egin du ideia horrekin Otaegik, “espazio publikoan gertatzen den orok eragiten digu, eta horrek egiten gaitu hiritar. Horregatik beharrezkoa dugu hiri bat garena garela ere harrera egingo diguna; elkarrekin osatzen dugun komunitatean guztioi tokia eskainiko diguna; euren aniztasunean elkar errekonozitzen duten herritarrek osatua, norberaren premietatik harago, komunitate gisa ditugun beharren, eta desio dugun etorkizun partekatuan pentsatzeko aukera emango diguna. Finean, behar dugu hiri bat, inguruan gertatzen denarekin konprometitzeko aukera emango diguna. Hiria den ehun delikatua, sare sendo bihurtzeko aukera eskainiko duguna”.
Konpromisoa eta konfiantza eskutik doaz Otaegirentzat, “konpromisoa egon dadin konfiantza eskaini behar delako. Konfiantza pertsonengan, erakundeengan politika publikoetan, etorkizunean”. Udalek egiteko handia duten zalantzarik ez du konfiantza hori zabaltzeko, “zintzotasunez jokatzea dagokigu, hartutako konpromisoak betetzea, hurbileko harreman horizontalak sustatuta, entzuten elkarrizketa baztertu gabe, herritarren ongizatean zuzen-zuzenean eragingo duten politika publikoak garatuz, komuna eta guztiona dena babestuz. Baita herritarrek eskatzen diguten elkarlana errazten ere, udal barruan, alderdien artean, ordezkari politikoen artean; udaletik kanpo herritarrekin ditugun harremanetan, eragileekin ditugun harremanetan”.
Zinegotzi guztiei zume berri bana eskaini die horren harira Otaegik, “aginte makilarekin batera herri agintearen ikur dena. Erraz moldatzen da eta borobiltzen da zumea, badaki inguruaren beharretara egokitzen, eta ez da berehalakoan hautsiko. Guztiok zume bana edukitzea, bakoitzak izango dugun agintetik horrela jardun dezagun egiten dizuedan gonbidapena da. Gonbidapena herritar eta eragileenganako harremanean zumearen moduan joka dezazuen; gonbidapena gure arteko harremanetan zumea presente izan dezagun”.
Eta mezu hori zuzenean harilkatu du hirugarren kontzeptuarekin Otaegik, bere hitzetan, soilik horrela izango baita posible itxaropena. “Itxaropena eta anbizioa egunero udalerri hobeagoa eraikitzen segitzeko. Berdinzaleagoa, inklusiboagoa, kohesionatuagoa izango den udalerria, etorkizunari aurre egiteko ziurtasun apur bat, bederen, emateko, beharrezkoak izango diren berme, tresna eta sare komunitarioaren jabe izango den udalerria. Elkarlanetik eraikitako itxaropen aktiboa denok pentsatu ahal izateko zein etorkizun nahi dugun. Elkarlanean ari garenean, sare publiko komunitarioak josteko gai garenean, udalak herritarrekin eta eragileekin pentsatu eta ekiten duenean, errealitatean eragin eta hura aldatzeko dugun indarra biderkatu egiten delako”.
Horrenbestez, konfiantza, konpromisoa eta itxaropena bidelagun bihurtzera deitu du: “Jarrai dezagun merezi dugun herria eraikitzen garaiotan hain ikur iraultzaile diruditen konfiantza, konpromiso eta itxaropen betez. Hori da nire konpromisoa, eta hori da herri honi luzatzen diodan gonbidapena”.
Azkenik eskerrak eman dizkie aurreko agintaldia amaituta zinegotzi kargua utzi duten zinegotziei, eta ongi etorria, berriz, agintaldi honetan bidea hasiko dutenei: “Izan dadila datorrena gure herriaren etorkizunarentzat agintaldi emankorra”.
Alazne Korta zinegotziak eman dio aginte makila Otaegiri. Ondoren, udaletxeko balkoira irten da alkatea herritarren txalo artean, eta haiek besarkatzera jaitsi da gero Herriko plazara. Hamaika zorion mezu jaso ditu Otaegik kalean bilduta zeudenen aldetik, baita haien babesa eta goxotasuna ere.