Hasi dira 24 orduz baloia astintzen
10:00etan hasi dira Lezoko 24 Orduak Futbito Txapelketako lehiak. 32 taldeak bukatzear dira lehen kanporaketa.
Abian dira Lezoko 24 Orduak Futbito Txapelketako lehiak. 10:00etan hasi dira, fin-fin, izena emandako 32 taldeetako kideak Bekoerrota kiroldegiko kantxan baloi txikia astintzen.
Lehen kanporaketan hamasei partida jokatuko dira denera, hau da, izena emandako taldeek binaka euren artean jokatuko dute. Horietan irabazle direnek aurrera jarraituko dute, galdu duten 16ek etxerako bidea, edo Bekoerrotan harmailetan egotekoa hartuko dute. Kanporaketa zuzenak jokatuko dituzte finaleko bi taldeak erabaki arte.
Ikusleen joan-etorria nabaria izaten ari da kiroldegian goizetik. Ikusi beharko da gaueko ordu txikietan ere zalerik biltzen den kiroldegian. Ziur baietz.
Jaixki Areto Futboleko antolatzaileek iragarri dute finalerdiak biharko (igandea) 09:30ak aldera hasiko direla, eta finala 13:00etan pentsatu dute egitea.
Informazio gehiago nahi izatekotan, joan txapelketaren Instagram atarira.