Dagoeneko izendatu dituzte barruti bakoitzeko alkateordeak
EH Bildu alderdiko Aintzane Taberna, Mikel Garcia, Iraitz Pazos eta Miguel Mari Torrea izango dira Pasaiako lau barrutien ordezkariak.
Pasaiako EH Bilduk Podemos-Aliantza Berdea alderdiarekin elkarlanean gobernatzeko egindako akordioan, baldintza zorrotzenetako bat zen alkateordetzak indar nagusiaren eskuetan mantentzea. Azken hauteskundeotako kanpainan nekaezin aritu dira bilkideak barrutietako bizilagunekin zuzeneko hartu-emana berreskuratzeko funtsezkotasuna aldarrikatzen, eta beraz, ezin zen bestela izan.
Alde biek hala adostuta, aurreratu zuten koalizio abertzaleko zortzi zinegotzietako lau izango zirela Donibane, San Pedro, Antxo eta Trintxerpeko alkateordeak. Eta hala egin dute. Dagoeneko jakinarazi dute kargudunetako zein izango den barruti bakoitzeko erreferente eta ordezkari. Horratx:
- Donibane: Aintzane Taberna Ezkurra.
- Trintxerpe: Iraitz Pazos Lapido.
- Antxo: Mikel Garcia Peñil.
- San Pedro: Miguel Mari Torrea Etxabe.
Zinegotzi-ordezkari horien ardurak honakoak izango dira gaurtik aurrera: dagokion barrutian sor daitezkeen arazoen berri jaso eta horiek udalera bideratzea; jai batzordeetako buru eta dinamizatzaile izatea eta bertatik bideraturiko gastuak udalaren aurrean justifikatzea; eta, alkatearekin batera, barrutian egiten diren ekitaldi publikoen buru izatea.