[Galeria] Hamar urte tximeleta-hegoak astintzen
Hamargarren urteurrenaren harira erakusketa zabaldu du Juneren Hegoak Elkarteak Xenpelar Etxean. Atzo ospatu zuten boluntario, familia eta laguntzaileekin urteurrena.
Hamar urte bete ditu laguntzen, haurren gaixotasun edota dolu egoeragatik zaurgarri diren familiak artatu eta bidelagun izaten. Atzo ekitaldi goxo bezain hunkigarriarekin ospatu zuten Juneren Hegoak elkarteak hamar urte bete dituela, elkartearen gaineko erakusketa jasoko duen Xenpelar Etxean. Carlos Sanchez eta Amaia Tolaretxipi, elkartearen bihotz eta hego den June Sanchez Tolaretxipi zenaren gurasoek hartu zuten hitza musika doinuek zabaldu zuten ekitaldian.
Hunkituta hitz egin zuen Sanchezek. Ez zuela elkartearen presidente gisa hitz egingo azaldu zuen lehenik, “familia zoragarri honetako beste kide baten gisa baizik; hain maitea genuen Juneren galeratik sortutako familia, familia ororen moduan hainbat garai pasa dituen, eta guztion artean eraiki dugun familia urtez urte”.
Esker on hitzak izan zituen, “hilabete batzuk aurretik guraso gisa gertatu zitzaigunari zentzua eman nahian laguntza eskatu eta bi aldiz pentsatu gabe gurekin izan zineten lagunei: Alazne, Yoli, Fernan, Esti, Joxin, Xabier eta Amaia. Gu biokin batera, gaur gaurkoz atzerako bueltarik ez duen abentura honi ekin genion”. Esker ona ere, alboan eta laguntzen hamar urte hauetan aritu diren eragile, elkarte, enpresa zein norbanakoei ere, “bidean eman diguten babesagatik”. Azkenik “ezinbesteko” diten Juneren Hegoak elkarteko boluntarioei aitortza, “gutxi batzuk izan baginen ere hasi ginenak ez zen nahikoa, ez dira soilik Juneren hegoek indarra ematen digutenak, baita zuetako bakoitza ere. Zuen konpromiso eta dedikazioarekin elkarte honen ehuna josi duzuelako, hari bakoitza, ontasun keinu bakoitzak eman dio forma gaur egun garenari”.
Duela hamar urte elkartea “itxaropen hazi batekin” sortu zela esan zuen Sanchezek, “eta gaur, zuei guztiei esker, gure familiei itzal eta babesa ematen dien zuhaitz sendo-hostotsuan loratu da”. Boluntarioek eskainitako ordu eta irribarre bakoitza “ikaragarri sumatu” dela gaineratu zuen, “Juneren Hegoak elkartearen bihotza zarete eta zuen lanak uste duzuena baino bizitza gehiagorengan izan du eragina. Amaiak eta biok zoriondu nahi zaituztegu egiten duzuen lan itzelarengatik, eta eskerrak eman gure familientzat argia izateagatik”.
Maitasuna eta altruismoa lehen lerroan jarri zituen bere aldetik Tolaretxipik, “zuetako bakoitzak elkartean inbertitutako ordu bakoitza maitasunetik eta altruismotik egina delako. Eta sinisten ez baduzue ere honek guztiak tximeleta efektua du, eta ez die eragiten soilik artatzen ditugun familiei, baita gutako bakoitzari, gure lagunei, pertsona gisa hezten lagundu digulako, enpatiaren balioa agerian utzi duelako, taldean aritzen irakatsi digulako iritziak errespetatuta eta gure artean babestuta; eredu zarete”.
Hamar urte hauetan irudika ere ezin zuten agertokira bidea egin du elkarteak Tolaretxipiren hitzetan, “elkartasuna, enpatia eta errespetua hitz hutsaletatik harago doazela erakutsi duzue, gure elkartearen ekintzak gidatzen dituzten printzipioak direla, alegia”. Atzokoan ez zutela Juneren Hegoak elkartearen hamargarren urteurrena soilik ospatu ere esan zuen, “episodio txiki bakoitza, laguntza jaso duten haurren irri bakoitza, gainditutako zailtasun bakoitza, eraikitako adiskidetasun harreman bakoitza baizik”.
Etorkizunera begira jarrita “hunkitu” egiten dela ere esan zuen, “aurretik dugun bidearengatik, ukituko ditugun bizitzengatik, gaindituko ditugun erronkengatik, baina batez ere, bide honetan aurrera egiteagatik zuetako bakoitzarekin batera”.
Mar Estevezek eskuz egindako sinadura liburua ere jaso zuen opari elkarteak Joserra Carballo boluntarioaren eskutik; bertan elkarteari egindako esker mezuak idatziz bildu nahi dituzte, “gure etorkizuna da”.
Ospakizunean, tartarentzat eta Zorionak zuri abesteko aukera ere izan zuten atzo Xenpelar Etxera bildu ziren boluntario, familia, enpresa, eragile eta norbanakoek.
Erakusketa, uztailaren 8ra arte zabalik
Ondoren, berriz, uztailaren 8ra arte zabalik izango den erakusketa azaltzeko bisita gidatua egin zuten. Miguel Harina errenteriarraren hamar poemek gidatuko dute bisitaria hamazazpi paneletan barrena. Hara bildutakoa, Juneren Hegoak elkarteak hamar urteetan jaso dituen boluntario, familia, lagun, laguntzaile, une on, emozio eta babesen lagin txiki bat baino ez dela azaldu du elkarteak. Carballok antolatu du erakusketa hori.
Urteurrenaren ospakizuna ez da mugatuko erakusketara, izan ere, madalenetan, Errenteriako Gurutze Gorriarekin batera txupinazoko suziria piztuko du bi elkarte horiek direlako omenduak. Irailean pintxo pote solidarioa antolatuko dute, eta urriaren 21ean Juneren Hegoak Eguna ospatuko du elkarteak. Bizituk saio berezia egingo du abenduan, eta June Sanchez Tolaretxipi IV Beka emango du elkarteak azaroan. Haur minbiziaren ikerketara bideratutakoa da beka hori, eta irabazten duenak 3.000 euro jasoko ditu ikerketarako. Elkarteak eskerrak eman ditu berriro bekari aipamena egiterakoan, “bekarako dirua crowdfounding bati eta hainbat kolektiboren laguntzari esker lortu da aurten”.
59 familia artatu ditu elkarteak
June Sanchez Tolaretxipi izan zen Juneren Hegoak Elkartearen inspirazio. 2013an hil zen, bi urte zituela, haurrei eragiten dien minbizi baten ondorioz. Handik hilabete gutxira gurasoek eta lagun talde batek elkartea sortu zuten.
Ordutik egoera ahulean dauden eta gaixotasunak, aniztasun funtzionala edota adingabeen dolua jasaten ari diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familiei laguntzeko sarea du elkarteak, eta haien bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten aukerak eskaintzen ditu. Hamar urteetan Juneren Hegoak Elkarteak 59 familia artatu ditu, 118 boluntario pasa dira bertatik, 86 ekitaldi egin ditu eta 287.000 euro baino gehiago bideratu ditu bere jarduerara. Duela hiru urte, gainera, onura publikoko erakunde izaera aitortu zioten elkarteari.
Juneren Hegoak elkartea lagundu nahi dutenek hauetako bideren bat erabil dezakete: Boluntario egin nahi dutenei, posta elektroniko helbide honetara idazteko eskatu diete; hilero euro baten trukez Teamer izateko berriz, hemen sakatu. Dohaintza egiteko aukera ere badago (horretarako klik egin hemen). Juneren Hegoak elkartearen laguntzaile izateko aukera ere eskaintzen du elkarteak.
Horretaz gain, Sabadell banketxeko ES81 0081 4254 46 0001112822 kontu korrontean egin daiteke ekarpena, baita Bizum bidez ere 03930 kodea erabilita, edota dohaintzak sailean Juneren Hegoak bilatuta.