Oarsoaldeko behatokira, Tren Berdean
Bizarain mendian kokatuta dagoen San Marko gotorlekura Tren Berdean igotzeko aukera eskainiko du Errenteriako Udalak hirugarren urtez.
Bizarain mendian kokatuta dagoen San Marko gotorlekura Tren Berdean igotzeko aukera eskainiko du Errenteriako Udalak hirugarren urtez. Uztailaren 6an hasiko da zerbitzua, ostegunarekin. Uztaila eta abuztuan, ostegunero erabili ahalko da zerbitzu hori; udalerritik 09:45 eta 12:45en artean orduero abiatuko da Tullle kaletik Tren Berdea, eta itzuliak berriz, San Marko Gotorlekutik abiatuta 11:15 eta 14:15 artean egin ahalko dira orduero. San Markorako bidean, Beraun kalean ere egingo du geldialdia Tren Berdeak bidaiariak jasotzeko.
Doakoa da zerbitzua, baina erabili nahi duten herritarrek aldez aurretik lekua hartu beharko dute horretarako, erreserba eginda. Astebete lehenagotik, bisitaren egunaren bezpera arte egin daiteke erreserba hori. Online egin daiteke —horretarako egin klik hemen— edo Errenteriako Turismo Bulegoko 943 49 45 21 eta San Marko Gotorlekuko Informazio Puntuko 943 44 96 38 telefono zenbakietara deituta.
Pertsona bakoitzak, gehienez, bost leku hartu ahalko ditu, eta egunean joan etorri bakarra egin daiteke. Adingabeek, heldu batekin joan behar dute, eta derrigorrezkoa izango da San Markon geldialdia egitea.
Naturaren erdian kokatuta dago San Marko Gotorlekua, Bizarain mendiaren tontorrean, eta XIX. mendeko eraikina da. Lau Haizeta Parkearen barruan dago. Begiratokia eta gotorlekua osatzen duten pasabide eta tunel guztiez gain, Aizpitarte Bidegurutzean erakusketa bisitatzeko aukera izango du bisitariak. Erakusketa hori, adin guztietako bisitariei egokituta dago.
Inguruneaz gehiago gozatu nahi dutenentzat, Errenteria-Orereta erdigunera beren kabuz itzultzeko aukera dutela gogorarazi du, bestalde, turismo bulegoak, garraio publikoa erabilita. Zamalbide auzora oinez joanda, hirigunea Zamalbide eta Perurena lotzen dituen U7 autobus linea erabil daiteke orduero.