Modakhrome erakusketa zabalduko du bihar Jantziaren Zentroak
Kolorearen historia modaren begietatik ezagutzeko proposamena da Jantziaren Zentroak bihar zabalduko duen erakusketa.
Bederatzi kolore, bederatzi jantzi, eta bederatzi testuek osatutako Modakhrome erakusketa zabalduko du bihar Jantziaren Zentroak. Tindu sintetikoak sortu aurretik, oihalak tindatzeko landare, mineral, zein animalietatik lortzen ziren jantzien koloreak 1856. urtera arte. Oinarrizko kolore horien jatorria, eta historian zehar modan izan duten esanahia batu dute erakusketa horretara.
Modaren berrehun urteko ibilbidea, edo kolore bakoitzaren jatorria eta historia aztertuta, bi modu horietara ikus dezake bisitariak erakusketa. Jantzi bakoitza monokromatikoa da, kolore bakarrean eginda dago, eta XVIII. mendetik hasi eta 1950. urte arteko jantzien erreplikak dira.
Jantzi bakoitzaren alboan, kolorearen gaineko kartela eta azalpen testua, horiek irakurrita jakingo du bisitariak kolore gorria Hernan Cortesek ekarri zuela Ameriketatik, urdina Vasco de Gamak Indiatik, naturan gehien topatu daitekeen kolorea horia dela, eta lortzen zailena berdea izan dela, hamarkada askotan zehar artsenikoz eginda toxikoa zen kolorea.
Jantziaren Zentroak sare sozialen bidez gainera, bitxikeria ugari argitaratuko ditu.
Bisita gidatuak
Erakusketarako bisita gidatuak ere antolatu ditu Jantziaren Zentroak. Hilabetero bisita bat egingo du: uztailaren 15ean, abuztuaren 19an, irailaren 16an, eta urriaren 21ean, hain zuzen ere; guztiak 19:00etan izango dira. Irailaren 16koa euskaraz izango da, eta gainontzekoak gaztelaniaz. Ordubeteko iraupena iznago dute, eta sarrerak 7 euro balio ditu; jubilatuentzat 6 euro dira. Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman behar da aurretik. Horretarako egin klik hemen
Erakusketa bisitatzea doakoa da eta urriaren 29ra arte izango da zabalik, bihartik. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igande eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara dago zabalik.
Madalenetan ere zabalik izango da Jantziaren Zentroa. Ordutegia, honakoa: uztailaren 22an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; hilaren 23 eta 25ean 11:00etatik 14:00etara; eta 24an, 18:00etatik 20:00etara.