Enpresa berritzailearen ziurtagiria Oarsoaldeko 11 enpresarentzat
Oiartzungo seik, Errenteria-Oreretako lauk eta Pasaiako batek jaso dute Hazinnova akreditazioa.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/07/dsc01067.jpg)
Oarsoaldeko 11 lantegik enpresa berritzailearen Hazinnova akreditazioa jaso dute gaur: Horietatik sei Oiartzungoak dira, lau Errenteria-Oreretakoa eta bat, Pasaiakoa. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRIren eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal agentziak ematen ditu ziurtagiriak.
Ziurtagiria jaso duten enpresek berrikuntza ez teknologikoko mikro proiektuak ezarri dituzte euren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko. Urnietan egin dute ekitaldia, eta helburua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 321 enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko egindako ahalegina aitortzea da.
Ziurtagiria gaur jaso duten enpresek —bost topaketa egingo dituzte eskualde ezberdinetan— Donostialdea, Tolosaldea eta Bidasoa Behereko enpresa txiki eta ertainek 74 proiektu osatu dituzte Hazinnova 2022 deialdiaren bidez, “berrikuntzak produktuetan zein negozio prozesuetan, fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan edo finatzetan egin dituzte”.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2023ko deialdia zabalik da, eta interesa duten enpresa berriek urriaren 26ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Hazinnova programak 2,7 milioi euroko aurrekontua du esleituta urte honetarako.
- Apasa (Errenteria-Orereta)
- Carnicas Bidea (Errenteria-Orereta)
- Fuel Truck (Oiartzun)
- Igeldo Aroztegia (Oiartzun)
- Jai Hornidurak (Oiartzun)
- Pegamo Navarra (Oiartzun)
- Skako Dartek (Errenteria-Orereta)
- Vaprest (Errenteria-Orereta)
- Xardeska (Oiartzun)
- Zabalza Logistic (Oiartzun)
- Zalgoi (pasaia)