[Erreportajea] 3x3 bederatzi baino askoz gehiago dira Lezon
Piztu Lezoren 3x3 V. Txapelketa Herrikoiaren partidak hasi dira. Saskibaloiaren aitzakiarekin, uztaileko arratsaldetan herria girotzea dute asmo. Orotara 32 taldek eman dute izena.
Martxan dira Piztu Lezoren 3×3 V. Txapelketa Herrikoiaren partidak. Tiñeluren eta Lezotarra tabernaren artean dagoen saskibaloi kantxan hasi dira saskiratze, blokeo eta txapelak. Lehen bi jardunaldiak asteartean eta atzo bertan jokatu zituzten. Hurrengoak, azken faseko partida erabakiorrak, hilaren 11n eta 13an izango dira, datorren asteko astearte eta ostegunean hain zuzen (19:00). Kirol lehia bai, baina hortik harago doan jarduera da Piztu Lezorena, uztaileko arratsaldeak herri giroz zipriztintzeko. 3×3 bederatzi baino askoz gehiago da Lezon: gutxienez 128 dira baloia goialdeko zulotxo saredunean sartzera animatu diren lezoarrak. Giro sano eta jatorra izan da lehen bi jardunaldietan.
Orotara 32 izan dira txapelketarako izena eman duten taldeak. Horiek, gehienez, lau kidekoak dira, kantxan jokoan hiru izan daitezkeelarik. Taldeka, edo bakarka eman dute izena partaideek; norbanako bezala aurkeztu direnen artean zozketa egin dute haien artean taldeak osatzeko, «agente libreak izan dira horiek», esan du Piztu Lezoko Mikel Cuestak, saskibaloi hiztegi teknikoa esku artean. Kanporaketa zuzen bidezko partidak dira saski bakarreko kantxan jokatzen direnak; «irabazten duena aurrera doa; galtzen duenak datorren urtean izango du berriz ere aukera», zehaztu du Cuestak. Partidak bost minutuko bi zatikoak izaten dira, hidratatzeko eta arnasa hartzeko tartearekin. «Partida azkar eta dinamikoak dira, jendea ez aspertzeko, eta beti giroa eta tentsioa egoteko».
Denena, denentzat
Taldeen artean denetik da. Mistoak, emakumeenak, gizonenak… «Denetik dugu. Azken batean, saskibaloia oso dinamikoa da, edonork parte har dezake, eta taldeen artean izan daitezkeen aldeak ez dira beste kiroletan egon daitezkeen adinakoak. Horrek are erakargarriago egiten du 3×3 txapelketa», zehaztu du Cuestak.
Piztu Lezoko kideak azaldu du duela bost urte sortutako ideia, asperdura une batetik sortu zela: «Tiñelun ginen, eta esan genuen: ‘Ondoan saskia dugu. Erabiliko dugu?’. Jon Makusok girotzen ditu partidak, esataria hura da. «Jonen komentarioekin eta biltzen den jendearekin sekulakoa izaten da giroa. Pozik gaude txapelketarekin».