Atzerritar etiketa ezin erantzi
'Aqui y alli' (Hemen eta han) dokumental laburra aurkeztuko du etzi —asteazkena 12— Sos Arrazakeriak Joxepa Antoni Aranberri anitzenean 19:00etan. Europako Batasunetik kanpoko herrietatik heldutako familia etorkinen seme-alabak dira protagonistak.
Aqui y alli (Hemen eta han) dokumental laburra aurkeztuko du etzi —asteazkena 12— Sos Arrazakeriak Joxepa Antoni Aranberri espazioan 19:00etan. Europako Batasunetik kanpoko herrietatik heldutako familia etorkinen seme-alabak dira protagonistak. Euskal Herrian jaio edota oso txiki zirela bertara heldu baziren ere, atzerritar gisa tratatzen dituztenean sentitzen dutena bildu dute dokumentalera.
Soukaina el Machhour (Errenteria-Orereta) , Lourdes Lagos Velazquez (Donostia), John Keneth Hrasky Castillo (Irun), Uyanga Enkhbold (Errenteria-Orereta) eta Damaris Ivina Nsuruk (Errenteria-Orereta), lehen eskutik kontatzen dute euren bizipena.
Gaur aurkeztu du Sos Arrazakeriak dokumentalaren emanaldia, Joxepa Antoni Aranberri anitzenean duen egoitzan. Gerar Carrere Sos Arrazakeriako kideak, Familia etorkinen bigarren belaunaldia diren arrean, Itsaso Cruz Etxeberria Berdintasuna, Kultur Aniztasuna, Hezkuntza eta Artxiboko zinegotziak, eta Uyanga Enkhbold errenteriarra eta John Keneth Hrasky Castillo irundarra eta dokumentaleko protagonistak proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. Familia etorkinen bigarren belaunaldiko pertsonei etorkin gisa begiratzen zaiela nabarmendu du Carrerek, “hemen jaioak badira ere, edota oso txikitan iritsitakoak —Enkhbold 11 urterekin heldu zen Errenteria-Oreretara, eta Hrasky Euskal Herrian jaioa da—. Jakin nahi genuen nola bizi duten egoera hori, atzerriko familia batean jaio, Euskal herrian hazi eta beti kanpotar begirada horren pean bizitzea; Egunerokoan nola bizi duten, zein harreman duten lagunekin, gizartearekin, familiarekin, nola bizi duten identitate bikoitza edo hirukoitza hori”.
Kezka horretatik abiatuta, dokumentala egitea erabaki zuten, protagonista gazte horiek bihurtuta. “Bost gazte azaltzen dira Aqui y alli dokumental laburrean, lau emakume eta gizon bat. Beren familiak herrialde ezberdinetakoak dira: Enkhbolden familia Mongoliakoa, Hraskyren ama Nikaraguakoa da eta aitak frantziar eta alemaniar jatorria dauka, Lagosen familia Guatemalakoa da, Damaris Ivina Nsuru Ekuatore Gineakoa, El Machhourren familia Marokokoa”.
Bost protagonista dira, baina bakoitzaren historia “bakarra” dela esan du Carrerek, “ezberdina da bakoitzaren bizipena”. Ideia bati jarri dio azpimarra, “denak nahikoa integratuta daude, eta denentzat bertan bizitzea eta duten esperientzia nahiko positiboa da, oso ondo eramaten dutelako etxean bizi duten kultura, gurasoena, eta kalean, bai eskolan, lagunekin, eramaten dutena. Gero ikusiko da, etxetik kanpo bizitzen hasten direnean zein zailtasun aurkitzen dituzten”. Dokumentalak irudi positiboa erakusten duela nabarmen jarri nahi izan du Sos Arrazakeriako kideak, eta aitortza egin nahi izan die, gainera, ikastetxeei integraziorako duten potentzialtasunarengatik, “eskolaren funtzioa ezinbestekoa da integraziorako”.
Dokumentalaren gidoia eta zuzendaritza David Macianek egin du eta ekoizpena, berriz, La Mano Invisible eta Esperanto Producciones ekoiztetxeek.
Asteazkeneko saioan, aurkezpen laburra, dokumentalaren proiekzioa, eta protagonista diren bost gazteekin solasaldia izango dira.