Hibaikako bi eskifaiak, bikain
Hibaikako emakumeak seigarren sailkatu dira asteburuko bi estropadetan, gizonak, berriz, hirugarren postuan sailkatu dira larunbatekoan. Helburuak fin betetzen ari dira bi eskifaiak.
Ondo ari dira. Hibaikaren bi ontziak denboraldirako ezarritako helburuak betetzen ari diren zalantzarik ez da. Lehen denboraldia du Iñaki Mendizabalek gidatzen duen eskifaiak emakumeen arraunaren goreneko ligan, eta hirugarren estropada jokatuta, euren lekua hartzen ari direla, egonkortzen, esan daiteke emaitzei eta denborei erreparatuta. Seigarren postua egin dute larunbatean Donostian eta igandean Zierbenan, Galizian jokatutako lehen estropadako emaitzarekin alderatuta postu bat gora eginda.
Atzoko estropadan, gainera, seigarren sailkatu ziren, baina taulan bosgarrena den Hondarribiaren ontziarekin tarteak ikaragarri murriztuta; bi segundoko aldearekin helmugaratu ziren Errenteriakoak. Lan bikaina beraz, Madalen ontziko arraunlariak estropadaz estropada egiten ari direna.
Hibaikako emakumeen hurrengo hitzorduak Bilboko Bandera, larunbatean 17:25ean, eta Orioko Kanpina Bandera, 11:25an.
Hibaikako gizonak goiko postuetan fin
Hirugarren izan ziren Hibaikako gizonak larunbatean Donostian jokatutako estropadan. Lan ona Josetxo Arrizabalagaren taldearena; denboraldiko helburua, KAE2 Liga horretako lehen postuetan ibiltzea dute eta fin ari dira hirugarren postuari eusten. Orio eta Astilleroren atzetik sailkatu ziren errenteriarrak larunbatean, eta 14 puntu dituzte guztira.
Datorren asteburuan, bi hitzordu: larunbatean 14:00etan Orion lehena. Bigarren txandan arituko dira Hibaikakoak, Orio, Astillero eta Portugaleterekin. Igandean, Portugaleten izango dute lehia, 10:30ean hasita.