Madalenetako egitaraua aurkeztu du udalbatzak
Neomak, Sega Sound killers, Janus Lester, Bengo, Oihan Vega, Liher, Los Zopilotes Txirriaos, Reincidentes, Kai Nakai eta Sonakay izango dira emanaldi izarrak.
Madalenetako egitaraua aurkeztu du gaur udalbatzak. Alderdi guztietako bozeramaileak izan dira hitzorduan, PPrena izan ezik. Madalenetarako hamar egun falta direnean, jai gogoz azaldu dira prentsa aurrera udalbatzako kideak, izan ere, Aizpea Otaegik esan duen moduan, “madalenak gozatzeko eta ongi pasatzeko urteko egun gorenak dira”, baina ez hori bakarrik, komunitatea saretzeko elementu ere badirelako udal agintariaren esanetan, “komunitatea birsortzeko ezinbesteko hitzordua dira; herri gisa garena ospatu eta gure arteko harremanak berregin eta indartzeko egunak dira, guztiontzako egun pozgarriak dira, ondo pasatzeko eta gozatzeko”.
Madalenekin lotuta hiru balio nabarmen jarri ditu Otaegik, “herriko jaiek bereziki transmititzen dituzten hiru balio”: Partaidetza, konpromisoa eta zaintza. Partaidetza oso balio garrantzitsua da haren iritzirako, eta jai batzordea jarri du erdigunean, “jaiak bereziki jai batzordeak antolatzen ditu eta esango nuke oro har, herritar eta eragile askoren artean antolatutako jaiak direla. Horri esker, daukagu halako programa anitza eta askotarikoa. Inplikazio guztia eskertu behar zaio jai batzordeari guztiok jaiez goza dezagun beraiek egiten duten ahalegina, eta eskaintzen dioten mimoa eta dedikazioa programazioari”.
Zalantzarik ez du, aho betean esan du alkateak Errenteria-Oreretak komunitatearekiko eta zaurgarrien direnekiko konpromiso betea duela, “konpromiso handia erakusten duen udalerria gara”, eta konpromiso horren erakusle madalenetako aurtengo omenduak jarri ditu, tokiko Gurutze Gorria eta Juneren Hegoak elkartea: “Biak dira oso ibilbide ezberdineko erakundeak, baina edozein kasutan biek erakusten dute konpromiso ikaragarria zaurgarrien direnekiko edo bizitzaren une jakin batean komunitatearen babesa behar dutenekiko. Zentzu horretan nik uste dut oso balioan jartzekoa dela beraien konpromisoa eta komunitatearekiko inplikazioa, uste dut herritarrek hori saritu nahi izan dutela eta aukera paregabea dugu aurtengo madalenetan beraien lana ezagutu eta aitortza kolektiboa eskaintzeko”.
Inongo erasorik gabeko jaiak
Erdigunera ekarri duen hirugarren balioa zaintzarena izan da: “Jaiak badira ondo pasatzeko, baina ondo pasatze hori ezin da zaintzarik gabe inola ere ulertu. Horregatik begi bat eduki behar dugu gure gozamenean jarrita eta beste begia inguruan gertatzen ari den horretan jarrita eta bermatu behar dugu guztiok ondo pasatzen aritzea”. Mezu argia, ez du onartuko udalerriak desberdinkerian edo boterekerian oinarritutako ez erasorik ez diskriminaziorik onartuko, “ez emakumeen aurkakoa, ez arrazializatutako pertsonen kontrakoa, ez LGTBI+ kolektiboko kideen kontra, ez beste edozein gutxiengoren kontra”. Zentzu horretan deia egin die herritarrei, “ondo pasatzera, baina ondo pasatzera bezain beste besteek ere ondo pasatzen dutela bermatzera”.
Horrekin lotuta jakinarazi du datorren astean beste agerraldia egingo duela udalak erasorik gabeko madalenak izan daitezen egiten ari diren lanketaren zein hartuko diren neurrien berri emateko.
Herrikide guztiei madalen ahalik eta onenak desio dizkie Otaegik amaitzeko.
Egitaraua
Maite Gartzia Kultura zinegotziak jai batzordearen eginkizunari jarri dio azpimarra Oategik egin moduan: “Elkarte ugari aritu dira aurten ere lanean gogor, adin guztietarako egitarau zabala prestatzeko ardura udalarekin partekatuta”. Txupinaren jaurtiketa une berezia izaten da herritarrentzat eta horri begira “denon txupinazoaren” aldeko deialdia egin du Gartziak “hilaren 21a, 19:00etan herriko plaza adin guztietako lagunen topagune izatea nahi dugu” eta gogorarazi du, aurten ere, horretaz gain, beste bi txupinazo izango direla, ” mila koloretako txupinazo txikia, eta holi txupinazoa”.
Txupinazoa zuzenean jarraitzeko aukera izango dela ere nabarmendu du Zumardian jarriko duten pantaila erraldoian, eta era berean, Herri Bizia webgunearen bidez.
Agerraldian, aurtengorako ondutako musika programazio zabalari egin dio erreferentzia Kultura zinegotziak, eta prestatutako kartela erakutsi. Neomak, Sega Sound killers, Janus Lester, Bengo, Oihan Vega, Liher, Los Zopilotes Txirriaos, Reincidentes, Kai Nakai eta Sonakay izango dira emanaldi izarrak, baina horiekin batera, musikarekin beste hamaika emanaldi izango dira bost egunetan. [Egitarau osoa hemen klik eginda kontsulta daiteke]
Programa paperean eta digitalean
Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua, baita poltsikorako bertsioa ere. Gartziak jakinarazi duenez 10:00etatik 13:00etara egingo dute banaketa udaletxeko arkupeetan. ez da programak eskuratzeko gune bakarra izango, izan ere, Lekuona Fabrikan, Galtzaraborda, Fanderia eta Beraungo kirol instalazioetan, eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitaruak eurek bana ditzaten, eta azkenik, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute.
Guztira 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.
Herritarrei gonbita luzatu die Gartziak gainera, jaiak nola bizi dituzten parteka dezaten, “horretarako sare sozialetan #Madalenak2023 traola erabili beharko dute argazkiak, txioak… sareratzeko unean. Modu horretan, madalenen kontakizun kolektiboa egin ahal izango da”.
Amaitzeko, madalenak gozatzeko desioa luzatu die herritar guztiei.