Sanferminetako galeperren tiraketa salatu du Haiekin elkarteak
Elkarte animalistak salatu du hegaztiak tirokatzeko bi jarduera ilegal izan zirela joan den larunbatean Pasai Antxon.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/07/galeperra.jpg)
Haiekin elkarte animalistak gaitzetsi du Pasai Antxon galeper tiraketak izan zirela sanferminetan. Jarduera horiek ilegalak dira, eta salaketa egiteko bi idatzi erregistratu ditu Haiekinek, bata Pasaiako Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian bestea.
Elkartearen arabera, Pasaiako Udalaren webguneko egitarauan adierazita dago hilaren 8rako, larunbata, programatuta zegoela “Galeperren tiraketa bertakoentzat” Papin belardian, eta Europa Pressek ere berretsi du informazio hori. Horrez gain, jaietan zehar herrian ikusitako kartel batean honakoa irakurri izana ere salatu dute: “Kaiolara jaurtitze lokal-soziala” zegoela programatuta egun horretan bertan, arratsaldez, Molinaoko futbol zelaian.