PSE-EE ez da Illunbe AEren egoitza faltaren erantzule sentitzen
55.000 euroko zorra diru publikoarekin kitatzen lagundu eta zazpi urtean klubari 100.000 euro inguru eman izana mahai-gaineratu du alderdiak.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/05/dsc_0143.jpg)
Pasaiako PSE-EE udal taldeak idatzizko adierazpenak egin ditu Illunbe Arraun Elkarteak azken hilabeteetan egindako salaketa eta agerraldi publikoei erantzuteko asmoz. Sozialistak gobernuan izan diren azken bi legegintzaldietan kirol klubari emandako laguntza agerian jarri eta adierazi dute ez direla erantzule sentitzen Illunberen eskakizunen “bideraezintasunaren” gainean.
Zortzi urte atzera egin du alderdiak zioari heltzeko. 2015ean, arraun klubarekin loturarik ez zuten iturrietatik ezagutu zuten egoera ekonomiko lazgarrian zegoela arraun taldea: “Presidentearen ondasun pertsonalak oso konprometituta zeuden enbargo baten ondorioz, klubak 55.000 euroko zorra zuelako”. Hori horrela, akordio bat negoziatu zuen udal gobernuak aldundi eta portuarekin, erakunde publikoetatik klubak pilatutako zor guztia kitatzeko.
Horrez gain, sozialistek esandakoaren arabera, 2016az geroztik, instalazioaren erabilerak eragindako gastu guztiak (gasa, argia, ura, OHZak) beregain hartu ditu udalak. “Era berean, portuarekin berriro negoziatu zituen udalak alokairu kontratu berriak, klubak bere borondatez inoiz sinatu ez zituenak”, mintzatu dira. Udalak 2016tik gaur arte klubari eman dion laguntza ekonomikoa 100.000 eurokoa dela aldarrikatu du PSE-EEk.
“Irtenbiderik errealistena”
Gaur egun kluba hartzen duen egoitza eraisteko arazoa sortu zenetik, “Illunbek udalari esker izan du egoeraren berri”: hasiera-hasieratik klubak jakin zuen udalak zekiena, alternatibak, portuaren erantzunak, zeuden aukerak eta, era berean, horien bideragarritasun tekniko nahiz ekonomikoa. Horrela planteatu zien gobernuak klubak birkokatzeko “irtenbiderik errealistena”.
Eragindako bi klubak (Pasaia Kayak ere botako duten eraikinean baitzen) bilera batera deitu zituzten udaleko teknikari eta arduradun politikoekin. Bertan, bi proiekturen berri eman zitzaien. “Proiektu horiek agerian uzten zuten udalak konponbide bat errazteko borondate argia zuela”, PSE-EEko ordezkariak, “nahikoa ez dela onartu arren, irtenbide hori da obrak egingo liratekeen udal espazioetan birkokatzea bermatzeko aukera bakarra, udalarenak ez diren eremuetan egoteak sortzen duen segurtasun gabeziarekin ez jarraitzeko”.
Sozialistek aitortu dute proposamenetako ez bata ez bestea ez zeudela Illunbek markatutako “marra gorriaren” esparruan, baina Trintxerpen birkokatzea “ezinezkoa” zela errepikatu dute politikariek. “Donibanen birkokatzeko aukerak Larrabideko udal instalazioak erabiltzea eta Nabalaldeko industrialdean lokalen bat erabiltzea eskatzen zuen, uretatik hurbil egongo zela bermatzeko. Berehala pentsatu zuten ez zutela konponbide horretan interesik. Klubak ez zuen hausnartu eta proposamena aztertu ere egin; Illunbe AEren izenean bertaratutakoen erantzuna ezezko biribila eta berehalakoa izan zen”.
Horiek esanda, bukatu dute: “Illunbe Arraun Elkarteak hartutako erabakiak errespetatzen ditugu, bere marra gorriak markatzen dituztenak, baina bere eskakizunen bideraezintasunaren erantzule ez gara sentitzen. Aurreko lerroetan azaltzen den bezala, beti lagundu zaio arraun klub honi gainerakoen neurri berean edo gehiago, eta aurretik azaldutako guztia udal espedienteetan jasotzen den informazioa da, eta udal-teknikariek ezagutzen dute”.