Azken eguna dute gaur karmenek
Euripean, baina gogoz ospatu dituzte trintxerpetarrek asteburukoak. Herri lasterketak baditu 2023ko irabazleak.
Itsas danborradaren hasiera, atzo. Gaur bukatuko dira karmenak. Trintxerpeko jaien azken egunean haurrak izango dira protagonista: 11:30etik aurrera puzgarriak izango dira Serafin Esnaola plazan, eta arratsaldean erraldoi eta buruhandiak, antzerkia, bandera jaitsiera eta zezensuzkoa.
Larunbat goizean ura gogotik bota bazuen ere, horrek ez zituen txikienen gogoak apaldu, eta apain-apain irten ziren horiek danborradako desfilera (hemen ikus daitezke argazkiak). Igandea goiz hasi zuten kirolariek: 09:00etan Karmengo Jaietako I. Frontenis txapelketa lehiatu zuten Aranederren, eta ordu erdi beranduago hasi zen 5 kilometroko herri lasterketa.
Azken proba horretan, Javi Menta Martinez, Aritz Garin Arrastoa eta Joseba Olaetxea Amenabar izan ziren podiuma osatu zutenak, gizonen artean (eta sailkapen orokorrean). Emakume bizkorrena Sandra Solaguren-Beascoa Merino izan zen, bigarrena Ana Gonzalez Luis eta hirugarrena Maialen Illarramendi Yudego. Pasaitar azkarrenak Louis Thomas (sailkapen osoan zazpigarren) eta Inma Cruz Oyarzabal (82.) izan ziren. Hemen klik eginda kontsulta daiteke sailkapen osoa.
Gaurko eguneko egitaraua, horratx:
- 11:30/13:30. Puzgarriak haurrentzat. Tokia: Serafin Esnaola plaza.
- 18:00. Erraldoiak eta buruhandiak Illunbeko txistulariekin. Ibilbidea: Azkuene, Euskadi etorbidea, Gudari plaza.
- Ondoren, Haurrentzako antzerkia. Tokia: Gudari plaza.
- 22:00. Bandera jaitsiera txupineren eskutik. Tokia: Alkateordetza.
- 22:00. Zezensuzkoa. Tokia: Gernika plaza.
