Barrakena, gune inklusiboa izango da lehenengoz
Lehenengo aldiz ordutegi bat ezarri dute zaratarik gabeko tarteak bermatzeko, autismoa zein entzumen hipersentikortasuna dutenek ere barraketan gozatzeko aukera izan dezaten.
Buruhaustea bihurtzen dira, ez nolanahikoa, barrakak jaietan, askoren poltsikoarentzat. Eramangarriagoa egin asmoz Errenteriako Udalak eta Euskadiko Ferialari autonomoen Elkargoak hitzarmena sinatu dute aurten ere fanderiako feria eremuko baldintzak adostuta. Tartean, atrakzio eta barrakei prezio herrikoiagoak jartzea adostu dute.
Hori horrela, haurren bidaiek 2,20 euro balioko dute, eta helduen atrakzioenak, berriz, 2,80 euro. Gainera, barrakek bi egunez prezio bereziak izango dituzte. Hilaren 23an, igandearekin 11:00etatik 14:00etara eta hilaren 26an egun osoan, bidaiak 1,30 euro balioko du.
Hitzarmena ez da mugatzen prezioak adostera, bestelako neurriak ere lantzen dituzte, ingurumenari dagozkionak, genero ikuspegiaren gainekoak, edota soinu kontrolaren ingurukoak. Azken horrekin lotuta, aurten lehenengoz, barraken eremua inklusiboa izango da. Izan ere, ordutegi bat ezarri dute hilaren 23an eta 26an, 17:00etatik 19:00etara zaratarik gabeko tarteak izan daitezen ferien eremu horretan. Autismoa zein entzumen hipersentikortasuna dutenek ere barraketan gozatu dezaten bermatuko du udalak. Egun eta ordu horietan, barrakek musikarik eta bestelako soinu altu eta sarkorrik gabe funtzionatuko dute.
Ferialarien eta salmenta ibiltaria egiten dutenen lau urtetik gorako seme-alabentzako, bestalde, ludoteka zerbitzua izango da indarrean; Markola ludotekan izango da 22tik 25era 17:00etatik 20:00etara.
Dutxa zerbitzua ere izango dute eskura, 08:00etatik 11:00etara Galtzarabordako kiroldegian hilaren 20tik 25era, hilaren 22an salbu. Egun horretan kiroldegia itxita izango denez, Niessen kulturgunean izango dute aukera.
Euskararen presentzia indartzeko gainera, hiztegitxoak banatuko dizkie udalak ferialari eta salmenta ibiltaria egiten duten pertsonei. Harremanetarako oinarrizko euskarazko hitzak ezagutaraztea da helburua.