Ingurumenaren aldeko "aletxoa" jarriko du Ostarik madalenetan
Ostalarien elkarteak, Errenteriako udalarekin elkarlanean, sentsibilizazio kanpaina bat bultzatu du jaietan edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzeko.
Madalenak ate joka dira, ostiralean egingo baitute eztanda Juneren Hegoak eta Gurutze Gorria elkarteek jaurtiko duten txupinazoarekin. Aurten, ingurumenaren alorrean urratsak egiten jarraitzeko, Ostari Ostalarien Elkarteak, Errenteriako Udalarekin elkarlanean, ingurumenaren aldeko “aletxoa” jarri nahi du. Horretarako, sentsibilizazio kanpaina bat bultzatzen ari dira jaiei begira, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzeko helburuarekin. Gaur goizean azaldu dituzte kanpainaren nondik-norakoak Maika Martin Errenkoaldeko presidenteak, Fernan Cuellar eta Itsaso Garaiar Ostariko kideek, Yolanda Martin Ingurumen zinegotziak eta Leire Mazizior Garapen Ekonomikoko zinegotziak.
Ostarik 10.000 edalontzi berrerabilgarri erosi ditu madalenetarako “hondakin plastiko gutxiago” sortzeko xedearekin, eta ostalariak Errenkoaldetik pasa beharko dira edalontzi horiek jasotzera. Horrez gain, Ostariko kideek argi utzi dute Errenkoaldeko bazkide ez diren ostalariek ere eskura ditzaketela edalontziak. Ostalari horiek kostu prezioan erosi ahal izango dituzte edalontzi berrerabilgarriak. Edalontziak eskuratuta, tabernetan salgai egongo dira herritarrentzat, 0,50 euroko prezioan. Ostaritik jakinarazi dute edalontzien dirua ez dela itzuliko, ideia baita “edalontzia norberarentzako izatea eta egunero erabiltzea”. Establezimendu parte hartzaileek beren atarian kartel bat izango dutela iragarri dute, honako leloarekin: ‘Erabili berriz erabiltzeko edalontziak: berrerabili eta murriztu hondakinak! Topa planetaren alde!’.
Ostariko kideek adierazi dute madalenak “aitzakia” egokia direla egitasmoa abiatzeko, baina argi esan dute ez dela madalenetara mugatuko: “Honakoa ez da soilik madalenetako gauza izango, urte guztian jende askoko gauzak daudenean, jendea ohitu nahi dugu edalontzi berrerabilgarriak erabil ditzan. Madalenak momentu ona dira egitasmoarekin hasteko”.
Ostalariak ziur dira “bidea luzea” izango dela, baina “pixkanaka” erabilera bakarreko edalontziak erabiltzeari uzteko pausoak ematen hasteko momentua dela uste dute: “Madalenekin hasiko gara, eta nahi duguna da jendeak edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko ohitura hartzea. Guztion artean egin behar dugu bide hori, beraz, gure bezeroak gure trenera igotzea espero dugu. Herritarrak eta tabernarik kontzientziatu nahi ditugu”.
Madalenetan hasiko duten “bide luze” horretan, Errenteriako Udala bidelagun izango dutela esan du Yolanda Martin Ingurumen zinegotziak. Martinek nabarmendu du “keinu txikiek asko egiten” dutela, eta “keinu txiki honek eragin asko” izan dezakeela. Udal zinegotziak zehaztu du, azken urteetan berrerabilpen eta birziklatze datuetan “jaitsiera bat” izan dela. Hori dela eta, Martin ziur da egoera horri “buelta eman” behar zaiola: “Honakoa bezalako kanpaina bat aukera izan daiteke ikusteko gure ingurua eta gure herria zaintzea eta aktibo eta kontziente mantentzea guztion ardura dela”.