Sasoi berrirako entrenatzaileak aurkeztu ditu Donibane Eskubaloiak
Jose Luis Ramos, Asier Gonzalez eta Jesus Pino izango dira Lehen Mailako, Bigarren Mailako eta emakumeen taldeko prestatzaile berriak.
Ikasle onenak bezala, Donibane Eskubaloiak ez du egitekorik bukatzeke utzi nahi izan udara osterako, eta etxeko-lanak aurretik egin dituzte, dagoeneko aurkeztuz hiru talde seniorren entrenatzaile berriak.
Berrikuntza nagusia Jose Luis Ramos Pepelu izango da, orain dela hamarkada batzuk Donibaneko jokalari izandakoa, eta gerora klubeko zuzendaritza eta talde teknikoko kide bilakatu zena. Aurreko denboraldian Gazte taldearen prestatzaile izan zen, eta bateragarri egin zuen jardun hori Ereintzako Lehen Mailako taldearen denboraldi bukaeraren gidaritzarekin.
Pepelu lehen taldearen entrenatzailea izango da, azken sasoian igoera erdietsi izanaren bultzada mantentzeko asmoz. Taldekide berriak batu zaizkio proiektu horri, eta bajak ere izan dira: Urtzi Uria jokalariak, Donibaneko taldeari emandako bi urteren ostean, Ereintzako lehen taldearekin bat egitea erabaki du.
Kontrara, Ereintzatik heldu dira, hain zuzen, Unai Rodriguez, Aitor Arruti, Mattin Solis eta Manex Kamio. “Jokalari hauen esperientzia lehiakortasun gehigarri izango zaio taldeari, hain zorrotza den kategoria berrian”, adierazi dute klubetik. Pepeluren alboan, delegatu lanetan, Jon Sagarzazu arituko da.
Bigarren taldea Asier Gonzalezek zuzenduko du. 25 urterekin, eta berriki eskuratutako lurraldeko entrenatzaile tituluarekin, Gonzalezek taldearen gidaritzari ekingo dio. “Bere helburu nagusia Pepelurekin elkarlanean aritzea izango da”, azaldu dute klubetik, “eta lehen taldera batu ahalko diren jokalariak formatzea”. Betiere, Lurraldeko Bigarren Mailako lehia ahaztu gabe.
Azken denboraldian Gonzalez Pepelurekin aritu zen Gazteen taldean, eta lehendik, bere formakuntza elikatzen zuen bitartean, Donibaneko parte hartze taldeak zuzendu izan ditu. Jokalari lanak lesio garrantzitsu baten ondorioz utzi behar izan zituen Gonzalezek, baina eskubaloiarekiko atxikimenduak ez zion utzi kirol mundutik aldentzen, eta harrezkeroztik entrenatzaile lanetan murgildu da buru-belarri.
Bigarren taldeari gutxienez hamar izen berri batuko zaizkio. Jokalari horiek guztiek onena eman beharko dute denboraldiaurrean Lehenengo Mailako taldean leku bat lortzen saiatzeko. Gonzalezekin batera lanean izango da Aitor Conde Motxi.
Emakumeen taldean, dagoeneko jakina denez, Jesus Pino izango da entrenatzaile berria. Pinok bi hamarkada baino gehiago daramatza klubean tekniko lanetan, eta azken denboraldian Lehen Mailara igoera lortu zuen taldeak haren gidaritzapean. Harekin arituko dira, batetik, laguntzaile eta atezainen entrenatzaile lanetan Ekaitz Tente, eta Jesus Marco presidentea bestetik, taldearen delegatu bezala.