Gipuzkoako Ganberak saritutako saltokiei aitortza egin die udalak
Errenteria-Oreretako hiru saltoki saritu ditu ganberak aurten: Hache Boutique denda, Osina Ekogunea, eta Herboristeria Paki.
Gipuzkoako Ganberak saritutako herriko saltokiei aitortza ekitaldia egin zieten udaletxean. Saritutakoekin batera, Errenkoaldeko lehendakari Maika Martin, Errenteriako alkate Aizpea Otaegi eta udalbatzako hainbat ordezkari izan ziren ekitaldi horretan.
Errenteria-Oreretako hiru saltoki saritu ditu ganberak aurten: Hache Boutique dendak sari berezia jaso du eusCommerce programan egindako lanagatik eta digitalizazioaren arloan izan duen bilakaerarengatik; Osina Ekoguneak Ingurumenarekiko Iraunkorra den Merkataritza Saria irabazi du prozesu guztietan ezartzen dituen energia eta ingurumen kudeaketako politikengatik eta bezeroekin garatzen dituen sentsibilizazio ekintzengatik. Azkenik, Herboristeria Pakik herritarrek boto elektroniko bidez ematen dituzten 10bitxiak sarietako bat lortu du.
Ez da lehen aldia ganberak Errenteria-Oreretako komertzioa saritzen duena. Hori dela eta, Errenkoalde elkarteak lore sorta bana oparitu zien aurreko ekitaldietako saridunei.