Uraren Euskal Agentziak ikerketa egin du berriro Marea Altan
Gorria da orain Antxoko erreka. URAk dio likido koloratzaile ez kaltegarria erabiltzen ari dela oraindik enpresa bat, hodi-sarea ikertzeko.
Joan den astean alarma-hotsa piztu zuen antxotarren artean Marea Alta erreka urdinez tindatuta ikusteak, eta harrezkeroztik gorri ere ikusi izan dira bertako urak. Pasaiako Udaleko Ingurumen sailak argitu zuen orduko hartan likido koloratzaile ez kaltegarria zela ura urdinez margotzen ari zena, eta orain likido berbera dela ziurtatu dute, baina gorri kolorekoa.
Ikerketa ez du udalak egin, baizik eta isurketen arduradun den Uraren Euskal Agentziak: URA. Joan den astean udaletik gertakariaren abisua helarazi zietenean, bertako inspektoreak Pasaiara bertaratu eta berretsi zuten likido koloratzaile ez kaltegarria zela hori. Aste honetan beste abisu bat jaso dutenean berriro errepikatu dute prozedura, eta URAtik udalari helarazitako txostenaren arabera, isuriaren izaera berbera da, baina kolore desberdinekoa.
Udalak emandako argibideen arabera, “enpresa konkretu bat” da eraikinean lanak egiten ari dena hoditeria sarean izan daitezkeen ihesak identifikatzeko. Halako lanetan ohikoa omen da likido koloratzaileak erabiltzea, betiere urarentzat eta bertako ekosistemarentzat kaltegarriak izango ez diren osagaiekin egindakoak.
Ihesak antzemateko lanak hilabete osoan zehar luza litezkeela aurreikusi dute enpresako langileek, eta beraz, ohartarazi dute datozen asteotan ere ohikoa izango dela Antxoko erreka koloreztatuta ikustea.