Albaolaren Juanita Larando patatxak Galiziara bidaiatuko du
Galiziako Itsasontzi Tradizionalen Topaketan parte hartuko du berriro faktoriak. Era berean, 2024ko PIFera gonbidatuko dituzte galiziarrak.
Galiziako Sada (A Coruña) udalerriak Galiziako Itsasontzi Tradizionalen Topaketa hartuko du abuztuaren 3tik 6ra, eta bertan parte hartuko du Albaolak. Festibalean, 2024ko Pasaia Itsas Festibalaren edizioaren berri emateaz gain, itsas kultur ondarearen dibulgazioa ere egingo dute pasaitarrek.
Encontro de Embarcacións Tradicionais de Galicia izeneko jaialdia bi urtean behin egiten da 1993 urteaz geroztik, eta Albaolak 2001etik gaur arte parte hartu izan du horretan. San Pedroko faktoria Galiziako topaketaren partaide den heinean, ezinbestekotzat jo dute haiek ere Pasaia Itsas Festibalera etortzea, eta horregatik, 2024ko edizioan parte hartzera gonbidatuko dituzte, lehenengo bi festibaletan egin izan duten bezala.
Juanita Larando patatxa berriro uretaratuko dute ur galiziarretan. Ontzi kortsario horrek azken bidaia luzea maiatzean egin zuen Bretainiara, eta berriro prestatuko dute orain nabigazio luze baterako. Albaolako ontzigintza eskolan eraiki arte, desagertuta egon zegoen ontzi mota hori kostaldeetan, eta gaur egun bakarra izaten jarraitzen du.
Belaz zein arraunean hartzen duen abiadura da bere ezaugarri nagusienetako bat eta Galiziara garaiz iristeko, uztailaren 25etik aurrera prest egongo dira, bai itsasontzia eta bai eskifaia, Pasaiako badiatik abiatzeko.