Madalenetako txupinazoa, zuzenean
Txupinazoaren zuzeneko emanaldia egingo du Errenteriako Udalak 18:30etik aurrera. Aldi berean, Zumardian pantaila erraldoia jarriko dute.
Asko izango dira bihar, 19:00etan, Errenteria-Oreretako Herriko Plazan izango direnak: 2023ko madalenetako txupinazoaz zuzenean gozatuko dute. Aldi berean, alboan, Gamon Zumardian pantaila erraldoia jarriko dute, jaien hasierako ekitaldi ofiziala era lasaiagoan-edo jarraitzeko. Baina, izango dira herrian ez direnak, edo besterik gabe jaien hasiera beste era batera bizi nahi dutenak: horiek euren gailuetan (sakelako telefonoak, tabletak edo ordenagailuak) ikusi ahalko dute festen hasierako eztanda, Errenteriako Udalak zuzeneko emanaldia egingo baitu 18:30ean hasita: hemen sartu, eta zuzenekoa emango den tokira iritsiko zara.
Gurutze Gorriko eta Juneren Hegoak elkarteko kideek emango diote su 2023ko madalenak piztuko dituen suziriari. Hortik aurrera, 101 orduko festa aroa zabalduko da herrian, egitarau ofizialean jasota dauden ekitaldiak 140 inguru direlarik. Horien artean, beste bik jaien hastapenarekin dute harremana: 18:00etan Koldo Mitxelena plazan egitekoa den Mila Koloreko Txupinazo Txikia, eta 19:00etan Gernika plazan egingo den Holi txupinazoa.