Lehen seihileko ona Pasaiako portuan
2023aren lehen sei hilabeteen balorazioa egin du portuak: iazko epe berberarekin alderatuz, %7,5 hazi da salgaien trafikoa.
2022ko lehen seihilekoarekin alderatuta, aurtengo epe berberean %7,5 hazi da Pasaiako portuaren trafikoa: 1.847.000 tona salgai mugitu dituzte. Trafiko nagusienak siderurgia produktuenak eta autoenak izan dira. Halaber, nekazaritza, abeltzaintza eta elikagaien trafikoa ere nabarmen hazi dela zehaztu du Portu Agintaritzak, iaz baino 180.000 tona gehiago mugitu dituztelako aurten: 274.000 tona iaz urtarriletik ekainera, eta 454.000 aurten. “Oso zifra baikorrak dira, eta horiek urtea bukatzerako finkatzea espero dugu. Portuko trenbide bidezko sarbideetan egiten ari diren lanak eta konpondu gabe ditugun emakidak funtsezkoak izango dira bide hori jarraitzeko”, nabarmendu du Joakin Telleria Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak.
Portuan lehorreratu edo portutik itsasoratzen diren salgaien erdiak arlo siderurgikoarekin dute harremana. Aurtengo lehen sei hilabeteetan 922.000 tona izan dira alor horretakoak. Trafiko osoaren %13, berriz, ibilgailuei dagokie: “Horrek indartu egiten du trafiko horietan portuak duen papera, eta erreferente da Espainiako Estatuko gainerako portuekin. alderatuta”, azaldu du David Candelario Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendariak.
Nondik, eta nora
Datu gehiago eman ditu portuak. Hala, Pasaiara 2023ko lehen sei hilabeteetan iritsi diren salgaiek, honako jatorria izan dutela zehaztu du: Herbehereak (230.000 tona), Erresuma Batua (209.000 tona) eta Suedia (190.000 tona); aldiz, Erresuma Batua (206.000 tona), Belgika (139.000 tona) eta Uruguai (54.000 tona) dira Pasaiatik atera diren ontzien helmuga nagusiak.