Bloco Malagasy eta batukada feminista eskutik
Batukada egingo du bihar Madagaskarreko taldeak batukada feministarekin batera, Elkartasun Tanpadak izenburupean.
Madagaskarreko Bloco Malagasy emakume talde artistikoak Errenteria-Orereta bisitatuko du bihar. Emanaldia eskainiko du madalenen barruan, Elkartasun Tanpadak izenburupean, batukada feministarekin batera 20:000etan hasita.
Herriko plazan hasiko dute bidea, eta erdiguneko kaleetatik igaroko da Brasilen garatutako Samba Reggae musika estiloaren erritmoan. Madagaskarreko taldeak estilo propioa garatu du, Brasilgo erritmo tradizionalak eta Madagaskarreko hegoaldeko erritmoak uztartuz. Herri horietako bizilagun eta bisitari guztiak sentsibilizatzea dute helburu emanaldiarekin, besteak beste, egoera txarrean dauden haurrengan musikaren ahalmen eraldatzaileak duen eraginaz.
Jarduera Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolatu dute, kulturarteko espazioak sustatze aldera. Ikuskizunaren aurretik, kulturarteko elkartrukerako tailerra egingo dute Emakumeen Etxean, batukada feministarekin, ahalduntze kolektiboa bultzatu eta emakumeen arteko harremanak eta elkartasuna sustatzeko.
Bloco Malagasyko kide guztiak CASEMen Agua de Coco Fundazioaren Harrera Sozioedukatibo eta Musikaleko Zentroan trebatu dira. Zentro horrek urtero, 600 gazte inguru hezten ditu hamabi diziplina artistiko eta musikal ezberdinetan, kaleko arriskuetatik aldenduko dituen aisialdi seguru bat eskainiz. Ikasketak ere sustatzen dituzte, eta zentroan izena ematen dutenei eskolatzen lagundu eta eskolarako errefortzua ematen diete.