Muxiko Festa, uztailak bost igande dituelako
Betizutik elkarteak fin jarraitzen du ohiturarekin: uztailak bost igande izaki, beraz, Muxiko Festa egingo dute. 11:00etan hasiko dira jarduerekin.
Ez dute hutsik egiten. Hilabeteren batek bost igande dituenean, Betizutik elkarteak Muxiko Festa antolatzen du. Datorren igandea hala izango da: uztailaren 30a hil honetako bosgarren igandea da, beraz, Lezo dantzara!
Ikasturteko azken ekitaldia izango da Betizutik-ek igandean egingo duena. Ez, ordea, apalena. Izan ere, 11:00etan muxikoen tailerra egingo dute, eta 12:00etan ekingo diote dantzaldiari. Gurutze Santuaren plazan bilduko dira dantzariak, baina eguraldiak laguntzen ez badu badute alternatiba: Karlos Saldise plaza.
Betizutik elkartekoek mezua zabaldu dute: “Jendea anima dadila, primeran pasatuko dugu eta!”.