San Pedroko adinekoen egoitzatik, bi triziklo irteera gaur
Aldundiaren 'Bizikletaz Adinik Ez' dinamikarekin bat egin dute San Pedroko egoitzako hamabi egoiliarrek. Bi irteera egingo dituzte gaur.
Gipuzkoan barrena adineko pertsonentzako triziklo irteerak ari dira egiten, aldundiak sustaturiko Bizikletaz Adinik Ez dinamikaren aterkipean, eta geldialdia egingo du ekimenak gaur Pasaian. Zehazki, San Pedroko adinekoen egoitzatik bi irteera antolatu dituzte gaurko, 11:00etan lehena eta 17:00etan bigarrena.
San Pedroko egoitzako hamabi egoiliarrek parte hartuko dute irteeran. Bi ibilaldi horiekin 14 izango dira guztira lurraldean barrena egindakoak aurten, eta beste 12 daude programatuta urria baino lehen egiteko. Jardueren helburua adinekoak euren komunitatearekin konektatzea da, “errespetua sustatuz eta belaunaldi desberdinen arteko harremanak ehunduz”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak lagundu eta erraztu nahi du udalerri gehiagok mugimendu honekin bat egin dezaten eta beren komunitateetan ezar dezaten, esperientzia horri etekina atera diezaioten eta gizartean eragin positiboak bizi ditzaten.