[Argazki galeria] Herriko kirolariak omenduz hasi dituzte santioak
Basagaitz Gereño eta Amalur Leon arraunlari beteranoek eta Donipariko areto futbolariek eman diete hasiera Santio Jaiei.
Hasi dira 2023ko Donibaneko Santio Jaiak. Euriak tregoa eman die sanjuandarrei txupinazoarekin herriko jai handiak, eta Pasaiako urteko azkenak, inauguratzeko. Basagaitz Gereño eta Amalur Leon arraunlari beteranoak eta Donipariko areto futbolariak izan dira aurten Donibaneko Jai Batzordeak hautaturiko omenduak.
Areto futbolekoen izenean Ibai Pagadizabalek hartu du hitza. Herrikideei denboraldi osoan zehar erakutsitako berotasuna eskertu die: “Zuei esker lortu dugu igoera”. Arraunlariek, ondotik, Koxtape Arraun Elkarteko kirolari, zuzendaritzakide, bazkide eta familia arrosa guztiari gorazarre egiteko probestu dute hitzartzea.
Santioetan inolako erasorik onartuko ez dutela nabarmendu du ondoren Bixi-Bixiko eta jai batzordeko kide Itziar Goienetxeak, eta ekitaldia borobildu du Teo Alberro alkateak, bizilagunei ongi pasatzeko deia eginez eta Goienetxearen bide beretik mintzatuz eraso ororen kontra. Aintzane Taberna barrutiko alkateordeak zapiak jantzi dizkie omenduei.
Hau hasiera besterik ez da. Atsedenik gabeko ospakizunez beteriko zortzi egunen hasiera (egitarau osoa hemen kontsulta daiteke). Horra, txupinazoko uneak gaur arratsaldean Santiago plazan utziriko zenbait irudi.