[Bideoa eta argazkiak] Ez dira euriaren beldur
Eguraldiak zaildu egin du buruhandi eta erraldoien konpartsen topaketak; hala ere, haur eta adineko ugari bertaratu dira Koldo Mitxelena plazara.
Konpartsen topaketa egin dute. Azken eguna dute gaur madalenek, eta euriak atzo bezala, ez ditu galdu nahi izan. Giro kaxkarrak ez ditu baina beldurtu herritarrak, bai ordea baldintzatu ekintzetako batzuk. Erraldoi eta buruhandien konpartsen topaketa egiten ari dira gaur egun osoan zehar Landareren eskutik, eta ezin izan dute apenas aterpetik atera eta kolorez jantzi erdialdeko kaleak bertaratu diren konpartsek.
Horren ordez, Koldo Mitxelena plazako aterpeetan egin dituzte dantza erakustaldiak eta euriak aukera txiki bat eman bezain pronto ibilbide laburra egin dute plaza kanpoaldean hura inguratuta, berriro ere aterpea hartzeko. Hamarnaka haur eta heldu gerturatu dira; maskurien beldur batzuk, baina guztiak gozatzen erraldoien dantza, jantzi eta dotoreziarekin. Buruhandiek, gogotik astindu dituzte harrapatutakoak, gupidagabe.
Arratsaldean topaketari segida emango diote bazkaltzeko atseden hartu ondoren. Xanti eta Maialen eta konpartsarekin batera arituko dira egun osoan, Galtzaraborda, Erriola konpartsa, Antiguako erraldoiak, Lazkao, Lezo, Irungo Atsegina, Pasaia, eta Beasaiangoak. Euriak atseden hartzen badu, Koldo Mitxelena Plazatik abiatuta, Maria Lezo kalea, Biteri, Alfontso XI, Donostia, Irun, eta Biteri pasata, Koldo Mitxelena plazara itzuliko dira berriro, 17:30ean dute aurreikusia irteera. Euria ari badu, goiz partean bezala, Koldo Mitxelena plaza barruko aterpeetan arituko dira.
Bertsolariek ere moldatu behar izan dute agertokia. Foru Plazako aterpetxoan aritu dira errimetan ikus-entzuleak gertu-gertu zituztela; haientzako aulkiak beheko aldean jarri beharrean, aterpean jarri dituzte.
Horrekin batera gaur goizean bertan hasi dira Iztietako Diputazio plazan txahala erretzen. Egun osoan ariko dira lan horretan, 19:00etan dastaketa erraldoia egiteko Euskaldarrak elkartearen eskutik.
Madalen jaiak. Gaurko egitaraua.
- 16:30-21:00 SCALEXTRIC-en (Rally Slot) “ATE IREKIAK” JARDUNALDIA.
- 17:30 MADALENETAKO F1 TXAPELKETA. Xenpelar etxea 1. Antolatzailea: Hobby Cars Elkartea.
- 17:00 DANTZA JAIALDIA. Zumardia. Antolatzailea: Eureka Gazte talde. Laguntzailea: Oliber Nestar Dantza eskola.
- 17:30 ERRALDOI ETA BURUHANDIEN KONPARTSEN IRTEERA. Ibilbidea: Koldo Mitxelena, Maria de Lezo, Madalena, Foru plaza, Biteri txiki, Herriko plaza. Antolatzailea: Erein elkartea.
- 17:45 Kale antzerkia: “IPURBELTZ” Ameztu antzerkia & Imaginaciones Nai. Koldo Mitxelena plaza (Euria egingo balu Koldo Mitxelena patioa).
- 19:00 Kontzertua: ANDONI OLLOKIEGI. Panier -gunea. Antolatzailea: Oaingozhau kolektiboa.
- 19:00 Kontzertua: SONAKAY. Xabier Olaskoaga Plaza.
- 19:00 XANTI ETA MAIALEN ERRALDOIEN AGURRA. Herriko Plaza. Ondoren, UREZKO ZEZENA. Herriko plaza.
- 19:00 Erretako txahalen XVIII. DASTAKETA ERRALDOIA. Iztieta. Diputazio plaza. Antolatzailea: Euskaldarrak Elkartea.
- 20:00 ELKARTASUNAREN TANPADAK. Bloco Malagasy eta Batukada Feministarekin. Herriko kaleetan. Irteera Herriko plaza. Antolatzailea Organiza: Kutlur Aniztasuna, Giza Eskubideak eta Garapenerako Lankidetza departamentua.
- 20:00 Kontzertua: IÑAKI LABAKA ETA LAGUNAK. Erriola Gunea ( Koldo Mitxelena plaza ). Antolatzailea: Orereta Ikastola.
- 22:30 Dantzaldia: BANTZALDIA. ERRENTERIAKO MUSIKA BANDAREN EMANALDIA. Zumardia. Antolatzailea: Errenteriako Musika Kultur Elkartea.
- 00:00-01:00 ZEZENSUZKOA irtengo da. Ondoren, Errenteriako Musika Bandak Zentenarioa joko du, eta jaiak amaituko dira.
