'Estereotipoak hautsiz' iniziatiba martxan
"Berritzaile" gisa definitu du iniziatiba Kamelamos Adikerar elkarteak, "gure gizartean ijitoen kontrako jarrera borrokatzeko sortua".
Ijito astearen aurkezpeneko artxiboko argazki bat. Aurreiritziak ezabatzeko, eta zehazkiago, ijitoen gaineko estereotipoei aurre egiteko Estereotipoak hautsiz kanpaina martxan jarri du Kamelamos Adikerar elkarteak. «Berritzaile» gisa definitu du iniziatiba elkarteak, «gure gizartean ijitoen kontrako jarrera borrokatzeko sortua». Igandera arte izango da abian kanpaina. Helburu nagusia ijitoen komunitatearen aurkako diskriminazioaren gainean kontzientzia sortzea da, eta luzaroan iraun duten estereotipo negatiboak desagerraraztea. Horretarako zazpi panel diseinatu dituzte: «Nabarmentzeko moduko ijito garrantzitsuen istorioak azaldu ditugu bertan». Panel bakoitzak QR kode bat izango du, eta horrek aukera emango die bisitariei pertsonaia bakoitzaren gaineko informazio zehatza eskuratzeko».
Panelak bihar arratsaldera arte egongo dira jarrita. Hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Atzo, Sara Holgado eta Oscar Garcia artistek Cantes para Helios ikuskizun flamenkoa egin zuten Badalaben, eta olerki errezitaldia ere antolatu zuten Noski liburudendan. Gaur bertan, Katarina Taikoniren gaineko hitzaldia egingo dute Lekuona Fabrikan, 10:00etan; eta Rukeliri buruzkoa Muga tabernan, 18:00etan. Bihar Raimond Gureme izango dute hizpide Mikelazulon, 10:00etan; eta Melanie Spitta Niessenen, 17:00etan.
Kanpaina bukatzeko, hilaren 30ean —igandea— kartel guztiak Zumardian batuko dituzte, eta bertan Sofia Kovalevskayaren historia kontatuko dute, 17:00etan. Egun horretan, gainera, ijitoen kontrako sarekada handia oroituko dute: 1749ko uztailaren 30ean ijitoak sarraskitzeko egindako saiakera Fernando VI. erregeak agindu zuen, eta Ensenadako markesak antolatu. Ijito guztiak atxilotu eta kontzentrazio esparruetara eramatea izan zuten helburu. Herritar guztiak antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu dituzte elkarteko kideek.
