Landarbaso Abesbatzak ahots lorratza utzi du munduan
Inoizko saririk garrantzitsuena irabazi du Landarbasok: Asiako Choral Grand Prix. Sari hori mugarri historikoa da euskal musika koralarentzat. Atzo jokatutako Baliko nazioarteko jaialdia ere irabazi dute.
Handiak dira oso. Inoizko saririk garrantzitsuena irabazi du Landarbaso Abesbatzak: Asiako Choral Grand Prix saria. Zalantzarik gabe, sari hori, mugarri historikoa da euskal musika koralarentzat. Asteartean lehiatu ziren errenteriarrak beste bost abesbatzarekin batera, Filipinetako bi, Indonesiako bat, Malaysiako bat, eta Taiwango beste bat. Errenteriarren ahotsak izan ziren onenak.
Garaipen handiaren hurrengo egunean [asteazkenean] hitz egin du HITZA-k Iñaki Tolaretxipi Landarbasoren zuzendariarekin. Garaipena izugarrizko esperientzia eta ohorea izan dela esan du Tolaretxipik. «Euskal Herriko talde bat grand prix batera heltzen zen laugarren aldia zen honakoa. Aurreko hirurek Europako Grand Prixean hartu zuten parte. Gu izan gara Asiakora iristen lehenak, eta gainera irabazi egin dugu», harro eta hunkituta mintzatu da errenteriarra.
Landarbasok nazioarteko hogei sari irabazi ditu, honakoa da hogeigarrena, eta dutenen artean handiena: «Dudarik gabe gure ibilbidean izan dugun saririk garrantzitsuena da. Euskal Herrian inork ez du lortu, gu izan gara lehenak, eta hori ohore ikaragarria da». Emanaldia amaitu eta berehala sumatu zituen «sentsazio onak» Tolaretxipik, hala esan du: «Lehen aldia izan zen beste abesbatzak entzuteko aukera izan genuela, lehiaketan bertan. Bagenekien bosgarren eta seigarren abesbatzak izango zirela arerio gogorrenak, bai Filipinetakoa, bai Indonesiakoa, eta gu aurretik gindoazen emanaldian. Horrek gure alde jokatu zuela esango nuke, gure emanaldia izugarria izan zelako».
Emanaldiak bukatuta, sentsazio baikorra zuen Tolaretxipik: «Taldeari esan nion aukera oso handiak genituela irabazteko, besteetan ez daukat hain argi. Beste abesbatzek akats puntualak izan zituzten abesten zuten bitartean, eta guk ez genuen akatsik egin. Dena subjektiboa bihurtzen da, egia esan, baina ni oso positiboa nintzen».
Euskal Herriko lehena
Ez zuen hutsik egin Tolaretxipik. Orain arteko saririk handiena jaso du abesbatzak; halako sari bat irabazten Euskal Herriko lehen korua bihurtu da Errenteria-Oreretakoa.
Garaipenak Landarbaso non kokatu duen galdetuta, hunkituta erantzun du zuzendariak: «Gure lana egiten jarraituko dugu, orain arte bezala, baina egia da irabazi dugunetik autografoak sinatzen ari garela etengabe egun hauetan, argazkiak ateratzen… Egia da hemen exotikoak gu garela beraientzako. Asia aldean pisu handia hartu du Landarbasok garaipen honekin».
Hunkituta ere, alaba eta emaztearen bidez jakin duelako euren herrian, etxean, bolo-bolo dabilela abesbatzaren garaipenaren berria. «Kalean jendeak gure garaipenaren berri badu eta festen testuinguruan ere aipatu dutela esan didate. Herrikideek badakite, beraz, irabazi dugula» .
Saria jasotzeko unea, berezia
Lehiaketaren momenturik gogoangarriena saria jasotzeko unea izan zela dio Tolaretxipik: «Denak hor ginen, eta jakitea lehen aldia dela euskal talde batek grand prix bat irabazten duela, ikaragarria izan zen. Txaloak, besarkadak… Une hori izan da politena, horrekin gelditzen naiz».
Abuztuaren 3an itzuliko dira etxera Landarbasoko kideak, sari handiarekin, «turismo pixka bat egiteko baliatuko dugu aukera». Bigarren sari bat ere ekar zezaketen maletan, eta hori ere lortu dute. Atzo lehiatu ziren Balin munduko 120 abesbatza eta horretan ere Landarbaso izan zen garaile. Bitik bi eskuratuta jakina zena erakutsi dute, gorenak direla.
Tolaretxipik esker ona azaldu die Landarbasoren izenean abesbatza zoriondu dutenei. «Izugarria izan da sare sozialen bidez, Whatsappez… jasotzen ari garen zorion mezu kopurua. Instituzionalki ere oso handia izaten ari da jasotzen ari garen babesa, eta eskertzekoa da».
Harago jo du Landarbasoren zuzendariak. «Oso maitatuak sentitzen gara», esan du. Ederra dela hala sentitzea aitortu du. Ederra izatearekin batera, gako ere izango da. Landarbaso abesbatza osatzen dutenen lan gogor eta pasio handiarekin batera, ziurrenik, arrakastarako pozimaren osagai ezinbestekoa izango da-eta maitasun hori.