[Erreportajea] Hilabeteek bost igande izatea da muxikozaleen desioa
Uztailak bost igande dituelako, Muxiko Festa egingo dute etzi Gurutze Santuaren plazan, Betizutik Elkartearen ekimenez. Lezoko eta inguruko herrietako dantzari askok parte hartuko dute.
Betizutik Elkarteak harentzat nahi ditu hilabete guztietako bosgarren igandeak. Beti ezin, ordea. Ez baita oso ohikoa urteko hamabi hilabeteen artean bost igande izango dituenik topatzea. 2023ko egutegia arakatuta, lau dira: urtarrila, apirila, uztaila eta abendua. Beraz, ezarritako usadioari jarraiki, uztailak bost igande dituelako Muxiko Festa antolatu dute etzirako Betizutik-ekoek. Dantzarekin elkartzea eta lagun giroan gozatzea beste helbururik ez duen jarduera da muxikoena. Xede ederra.
Eguraldi onarekin Gurutze Santuaren plazak jasoko ditu Muxiko Festaren gaineko jarduerak. Euria egiten badu bada alternatibarik: Karlos Saldise plaza. Hala, 11:00etan dantza tailerra egingo dute, eta 12:00ak aldera hasiko dira dantzaldi nagusiarekin. Baina zergatik bosgarren igandean? Erantzuna Tere Macho Betizutik-eko kideak eman du: «Bosgarren igandeena inguruko herriekin talkarik ez egiteko aukeratu genuen. Hau da, hilabete bakoitzeko lehen lau igandeetan muxikoak egiten dituzte inguruko herrietan: lehenean Irunen, bigarrenean Donostian, hirugarrenean Errenteria-Oreretan eta laugarrenean Oiartzunen. Beraz, beste herriekin bikoizketarik ez izateko, bosgarrenetan egitea erabaki genuen».
Etzikoaren ondotik hurrengoa abenduaren 30ekoa izango da. «Haurrentzako San Silbestre lasterketa ere antolatuko dugu abenduko saioan».
Ikastarotxoa
Normalean, beste herrietako muxikoetan dantzarako hitzordua soilik ezartzen dute. Lezon ez. «Mazurka dantza era berezian egiten dugu. Eta gainera, Lezon bakarrik egiten da Manfrina. Beraz, dantzaldiaren unean dena ondo-ondo joan dadin, lehenengo horien tailer edo ikastarotxoa eta ondoren dantzaldia egiten ditugu», azaldu du Betizutik-ekoak.
Lezoko eta inguruko herrietako dantzariez gain, Machok azaldu du Ipar Euskal Herritik edo Nafarroatik ere etortzen direla herrira: «Adibidez, Iruñeko lagun batek gure berri izan, eta hilabeteak bost igande dituenean hemen izaten da. Normalean 80 bat dantzari biltzen gara, giro ederrean, umorez, gozatzen. Ondo pasatzea da gure helburua. Uste dut lortzen dugula».
