San Inazio kontzertuarekin agurtuko du denboraldiaren lehen zatia EMKEk
Donostiako Udal Txistulari Bandako Jagoba Astiazaran bakarlari arituko da, eta proposamen eszeniko dotorearekin onduko dute emanaldia.
Astelehenean San Inazio kontzertuarekin bukatuko du EMKE Musika Bandak denboraldiaren lehenengo zatia. Donostiako Udal Txistulari Bandako Jagoba Astiazaran bakarlari arituko da, eta proposamen eszeniko dotorearekin onduko dute emanaldia.
Zuzendari lanetan, Alain Aierdi Gupegi arituko da. Euskal musikagileen lanekin osatu dute egitaraua. Errenteriako Musika Bandaren zuzendari Aitor Mitxelena Rubiok konposatutako Touring bihotz gorri eta urdin ereserkiak abiatuko du kontzertu handia, eta Torre Muzkizen Ariña, Mokoroaren Gavota, J. Francoren Aires Vascos, Gorosarriren Idiarena, Zubizarretaren Txistulariak, eta bakarlari arituko den Jagoba Astiazaranen Errenka osatuko dute musika ibilaldia. Amaitzeko, A Igarondo eta San Inazio martxa joko ditu bandak.
Lehen zatiaren balorazio positiboa egin du EMKEk. Marife Nogalesekin eskainitako kontzertua Gure Bakarlaraiak zikloaren barruan, eta Touringen mendeurrenaren harira herriko abesbatza nagusiekin, Ereintzako dantzariekin, eta Xanti eta Maialenekin elkarlanean egindako kontzertuak aipatu dituzte, “Errenteriak gaur gaurkoz duen kultur potentzialtasunaren erakusle. Publikoa erabat murgildu zen kontzertuan , eta giro berezia, beroa eta bizia sortu zen Herriko plazan azken kontzertuan”.
Denboraldiaren bigarren zatiaren aurrerapen bat ere egin dute EMKEko kideek. Irailean hasiko da hori udarako atsedenalditik bueltan. Atlantikaldiaren barruan estreinatuko duten Bi herri hizkuntza bat proiektuari egin diote aipamen: “Galiziako Etxeko Trisquele taldeko gaita jotzaileak musika banadarekin batera arituko dira proiektuaren barruan”.
Donostiako Artzain Onaren katedralean eskainiko duen Santa Zezilia kontzertua, eta abenduan Lekuona Fabrikan egingo dten kontzertu berezia jarri dituzte nabarmen.
Asteleheneko kontzertua, 22:30ean hasiko da eta Herriko plaza agertoki paregabea izango da aurreko ekitaldietan bezala.