Ur parke berria du Antxok
Martxan dira Katuen Etxadiko ur txorrota berriak. Horiez gain, kulunka bat, bi piknik mahai, eta eskalatzeko estruktura bat ere badaude.
Lau ur txorrota finko eta bi mugikor ditu parke berriak. Martxan da Pasai Antxoko Katuen Etxadiko ur parke berria. Zabu zirkularra, eskalatzeko estruktura, eta bi piknik mahai ditu ur txorrotez gain. Lehen horiek erabilgai izan dira azken asteotan, baina atzo kendu zizkioten hesiak ur-eremuari. Eta harrera beroa egin zioten gaztetxoenek jolasgune berriari, eguzkiak jo zuen bitartean.
Lau ur txorrota finko eta bi mugikor ditu. Azken horiek, ur-pistolak bailiran, eskuz bira daitezke. Horiek guztiak martxan jartzeko sakagailu bat dago lurrean. Hori pultsatu ezean, ez dute urik botatzen txorrotek.
Herriko haurrek, Pasaiako Udaleko Haur eta Nerabeen Sailak sustaturiko Eskubidean planaren aterkipean, eskatu zioten udalari ur parke bat nahi zutela. Proposaturiko azpiegituren artean bozkatuena izan zen hori, eta desioa egi bihurtzeko agindua eman zuen joan den legegintzaldian azken udal gobernuak (PSE-EE eta EAJk osaturikoa). Udalak ez du, oraingoz, jolas-eremuan egindako inbertsioari buruzko beste zehaztasunik eman.





