Mozorro festarekin itxi dituzte aurten Lezoko Udalekuak
Haur talde bakoitzak emanaldi bana prestatu eta gainontzekoei eskaini die. Txirbilla Sound Systemekin bukaera borobila eman diote hilabeteari.
Uztailarekin batera, bukatu dira baita Lezoko Udalekuak ere. Bertako udalak emandako datuen arabera, ia 200 haurrek parte hartu dute aurten, ekitaldiz josiriko hilabetea eskaini dien dinamikan.
Festa giroan bukatu nahi izan dute aurtengoa ere. Iaz, ‘holy’ festa koloretsua egin zuten Herri Eskolako patioan. Aurten, berriz, agertoki berean mozorro festa egin dute hilabeteko dinamikari agur esateko. Hala, haur talde bakoitzak, zegokion jantziekin, emanaldi bana prestatu eta gainontzekoei eskaini die. Hori eginda, Txirbilla Sound Systemek girotu zuen itxiera festa joan den ostiralean.
Uztail osoan zehar izandako dozenaka jardueren artean honakoak nabarmendu dituzte arduradunek: San Fermin eguna, Uraren eguna, eta Lasaitasunaren Eguna. Horietan “giro euskaldun eta atsegina” nagusitu dela ziurtatu dute, “haurrek Lezoko ohiturak eta ingurunea ezagutzen zituzten bitartean”. Ezagutza-jolasak, txangoak, jolas-musikatuak, eskulanak, herri kirolak, ipuin kontaketak eta beste hainbat ere izan dituzte gozagai.