[Bideoa eta argazkiak] Xanistebanak aske gozatu nahi dituzte
"Feminismoaren konplize" izatera deitu dituzte herritarrak Oiartzungo Feministen Asanbladako, Hatzamarkako eta Killirikupeko ordezkariek.
Hasi berri dira 2023ko Oiartzungo Xanisteban Jaiak, baina txupinazoarekin ospakizunari abiada eman aurretik, zimendu feministak ezarri dituzte aurten ere herriko eragileek, denen artean jai askeagoak eraiki ahal izateko. Euriak babestera behartuta, plaza hartu ohi duen agerraldia Kontzejupean egin dute gaur arratsean Oiartzungo Feministen Asanbladako, Hatzamarkako eta Killirikupeko ordezkariek.
Dozenaka bizilagun hurbildu dira euren hitzei babesa adieraztera. Oiartzuarrei ez ezik, egunotan herrira festaz gozatzeko hurbiltzekoak diren gainontzekoei ere zuzendu zaizkie. Asanbladatik irmo adierazi dute Oiartzunen ez dela inongo erasorik onartuko: “Ez dugu emakume bat bera ere deseroso sentitzerik nahi eta ez dugu eraso matxistarik, LGBTI+foborik zein arrazistarik onartuko”.
Aitzitik, ongi pasatzera hurbildu nahi eta hori errespetuz egiteko gai diren guztiei beso-zabal mintzatu zaizkie oiartzuarrak. “Herri honetara elkarrekin aske gozatzera etorri nahi duen pertsona oro ongietorria izango da”. Hori horrela izan dadin, jakina, funtsezkoa jaizale guztien elkarlana. “Izan zaitez feminismoaren konplize!”, deitu dituzte horiek, “lagun ezazu espazio seguruak sortzen, indarkeria kasuren bat ikusten baduzu, hurbildu eta babesa eman”.
Saretzearen garrantziaz mintzatu dira. Killirikupetik argi utzi dute indarkeria matxistaren biktima bakar bat ere ez dutela bakarrik utziko, eta erasotzaileek mila begi izango dituztela gainean. “Hemen gaude, eta aurrez aurre izango gaituzue”.
Protokolo feminista
Estrukturala da emakumeen aurkako indarkeria, eta hargatik, herriko edozein txokotan gerta daiteke eraso bat. “Ez gaitezen nahastu”, argitu dute Killirikupeko kideek, “erasoak ez dira gau giroan edota txosna nahiz taberna eremuan solik gertatzen. Gogoratu, erasoak edozein momentutan gertatzen dira”.
Horren jakitun, hain zuzen, protokolo feminista diseinatu dute eragileek aurten ere. Erasoren baten lekuko edota biktima izanez gero zer-nola jardun azaldu dute bertan. Erasotutakoa artatu, babestu eta erasotzailea eremutik kanporatzea oinarrizkoa izango da kasu horietan.
Eraso matxista batean aurrean txosna feministara nahiz Mendiburu kalean jarri den Eraso Matxistak Artatzeko Arreta
Gunera jo dezake laguntza behar duenak edota jazotakoaren berri eman nahi duen edozeinek.
Egitarau feminista
Hatzamarkatik gaurko mintzaldia probestu dute egitarau feministaren berri eman eta horrekin bat egitera gonbidatzeko bizilagunak. “Gaurko agerraldiarekin hasiera emango diogu herria morez janzteari, eta abuztuaren 4a izango da indarrak batzeko eta festarako gure eguna”. Egun horretan bazkari feminista beganoa egingo dute Zimitiyuan.
17:30ean, bazkalostea girotzeko, Bea Egiazabalen Magma Mia ikuskizunarekin gozatua hartu ahal izango du hala nahi duenak. Oharra gonbidapenik lortu ez duenarentzat: “Bazkarirako txartelik gabe geldituko bazina ere, hurbildu zaitez, ikuskizuna irekia izango baita”.
Horrez gain, arestian aipatu bezala, txosna gunean Txozna Feminista zabalik izango da. Eremu hori, gozamenerako ez ezik, babeserako topagune izatea ere nahi dute. Bertan topatu ahalko dira “apaigarri konplize batzuk”: azalean itsasten diren kalkomania feministak, bai eta balkoiak apaindu eta aldarrikapenez betetzeko baderola moreak ere banatuko dituzte bertan.
Azkenik, gonbidapen zabala: “Xanistebanetara gozatzera eta ongi pasatzera hurbilduko diren emakume, trans, etorkin, bollera, homosexual, pertsona arrazializatu eta beste milaka kolektibo zapalduetako kideoi ongi etorria eman nahi dizuegu. Azkenik, jaietan erasoren bat bizitzen baduzue salatzera animatzen zaituztegu eta herritar orori, Oiartzungo mugimendu feministan saretu eta zuen laguntza eta babesa eskaintzea eskatzen dizuegu”.
Horiek esanda, orduan bai: has daitezela xanistebanak!