Aiton Bordako erabiltzaileekin entzute saioa egingo du alkateak
Mikel Arruti zentroko kideen "zalantza, kezka eta proposamenak" entzutera hurbilduko da hilaren 11n, ostirala.
Aiton Borda, kanpotik. Lezoko udal gobernuak herriko elkarte eta eragileekin bilerak hasi ditu azken asteotan. Testuinguru horretan, Aiton Borda erretiratuen aterpeko bazkide eta erabiltzaileekin elkartuko dira datorren astean EH Bilduko kideak, elkartean bertan.
Bilera asteazken arratsaldean egitea aurreikusia zegoen, baina tenperatura oso altuak iragarri dituzte egun horretarako (35 gradu ingurukoak); hortaz, hilaren 11ra atzeratzea erabaki da. Hala, bilera abuztuaren 11n egingo da, 17:00etan, elkartean bertan.
Bileran, beste zinegotzi batzuekin batera, Mikel Arruti alkateak Aiton Bordako entzute eta partekatze saioa egingo du erabiltzaileen “zalantzak, kezkak eta proposamenak” jasotzeko xedez. Horrez gain, tabernaren egoera administratiboari buruz ere arituko direla argitu dute udaletik, “eta elkarrekin konponbidea lortzen saiatuko gara”.
Aterpearen eguneroko erabiltzaile direnentzat ez ezik, beste lezoar askorentzat ere gune garrantzitsua da Aiton Borda. Horren jakitun, eta bertan antolatzen diren askotariko jarduerak aitortu eta sustatu nahian, aterpea zaintzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartu du gobernuak. Gaiarekin interesa duten herritarrak gonbidatu dituzte hitzordu horretara.
