Oiartzunen film labur bat grabatzeko boluntario bila dabiltza
Alba Lozanoren 'Utländsk' film laburra grabatuko dute egunotan herrian. Interesdunek jada bidal ditzakete datuak posta elektroniko bidez.
Herriko kaleak "bizitzaz bete" behar dituzte filmerako. Hilaren 5etik 10era bitartean, alegia, datorren larunbatean hasi eta hurrengo ostegunera arte, Alba Lozano zuzendariaren Utländsk film laburra grabatuko dute Oiartzunen, eta parte hartzaile bila dabiltza.
Filmaketa lanaldiak hainbat ordukoak edo laburragoak izan daitezkeela ohartarazi dute produktoreek, parte hartzaileak grabatuko duen sekuentzia kopuruaren arabera. “Proiektuaren tamaina dela eta”, doako parte hartzea izango dela ohartarazi dute, eta aktore bakoitzaren nahi eta beharretara egokitzen saiatuko direla.
Horretarako, hemen klik eginda zabalduko den formularioa betetzeko eskatu dute. Bertan bakoitzaren datuak, erabilgarritasuna eta harremanetan jartzeko bideak zehazteko eskatuko zaie interesdunei, eta dokumentu hori oinarri izanda harremanetan jarriko dira produktoreak aktoreekin. Bi egun edo egun bateko tartearekin abisatuko zaio bakoitzari. Norbaitek luze gelditzeko arazorik balu, formulario horren oharren laukian hori adierazteko ere eskatu dute.
Azkenik, Argazkien linka izeneko lauki bat gehitu dute. Bertan, argazki baterako edo batzuetarako esteka jartzeko eskatu diote bakoitzari. “Horrek film laburretarako profil espezifikoagoak aukeratzen lagunduko digu”, azaldu dute. Behin dokumentua beteta, hori gorde eta posta elektroniko bidez helarazi beharko zaio filma grabatzeko lanetan ari den taldeari. Interesik duenarentzat, horra, oso labur, filmaren testuingurua:
Suedian 5 urte baino gehiagoz bizi ondoren, Estiren herrirako itzulera kontatuko da. Jendea behar dugu Oiartzungo kaleak bizitzaz betetzeko, eta beste sekuentzia batzuen artean Oiartzungo jaiak birsortu beharko ditugu.
