[Argazkiak] Haimar Etxeberria irundarrak irabazi du Xanisteban Txirrindulari Saria
Txomin Perurenaren Oroimenezko lasterketan lehen izan da irundarra. Oiartzuar onenaren saria Gexan Albisuk jaso du.
Haimar Etxeberria txirrindulari irundarrak (EOLO) irabazi du 75. Xanisteban Txirrindulari Saria, Txomin Perurenaren omenezkoa. Raul Bastida errioxarra (Telco,m) izan da bigarrena, eta Guillermo Silva uruguaitarrak (Caja Rural) itxi du aurtengo podiuma.
Tentsio handiko finala izan da, oso lehiatua. Bata bestearen segidan heldu dira hiru txirrindulari azkarrenak helmugara, eta txalo zaparradak jaso ditu Done Ezteben, 13:00a jo baino minutu pare bat lehenago.
113 kilometroko ibilbideari aurten gehitu zaizkion berritasunen artean, aipatzekoa estreinakoz igo behar izan dutela lasterkariek Trekuko malda. 150 txirrindulari inguru ibili dira Oiartzun zeharkatzen goizeko 10:00etatik, guztira zazpi itzuliko zirkuitua osatu arte.
Sari banaketari hasiera emateko omenaldi hunkigarria egin diote Txomin Perurenari, arestian aipatu bezala, haren omenezkoa izan baita aurtengo norgehiagoka. Alaba Alba Perurena igo da oholtzara, eta bertan Joana Mendiburu alkateak eta OTXE elkarte antolatzaileko Arkaitz Izak eman diote oroigarria.
Horren ondotik etorri dira gainontzeko sariak. Aipaturiko irabazleena ez ezik, beste aski ere banatu dituzte. Nabarmentzekoa oiartzuar onenaren saria jaso duen Gexan Albisuri bizilagunek egindako txaloaldia.
- Lehen sailkatua: Haimar Etxeberria.
- Bigarren sailkatua: Raul Bastida.
- Hirugarren sailkatua: Guillermo Silva.
- Oiartzuar onena: Gexar Albisur.
- Talderik onena: Gomur.
- Mendiko saria: Iker Mintegi.
- Tarteko helmugak: Iker Mintegi.