[Kronika eta argazkiak] Xanistebanen azken eguna, haurrena bakarrik ez
Askotariko argazkiak gaur goizean Oiartzungo txoko nagusietan. Kalejira, arkume erretzea, txirrindularitza, eskupilota... Herria, lepo.
Askotariko giroak gaur Oiartzunen. Asko ahotsa eta esku-barrenak uzten txirrindulariak animatzeko; beste asko hori bera egiten eskupilota txapelketa herrikoian; bitartean, gaztetxo eta horien gurasoak, kale-bueltan; danborradarekin lehenengo eta gero eta musika, erraldoi eta buruhandien kalejiran. Goiztiarrenak, beharbada, Madalensoron, bertan asko baitzen prestatzeko arkumearen egun handirako.
Bitxia, beraz, xanistebanen azken eguneko argazkia. Kaletik zebilen baten baten arabera, “kaotikoa”. Kaleak moztuta 75. Xanisteban Txirrindulari Sariagatik (hemen ikus daitezke lasterketako argazki eta emaitzak), arkumeak plazan beharrean pilotalekuan, bertatik kalejira igarotzean paella eta haragi usaina… Norberak epaitu behar kaosa ote den hori, baina ezin zalantzan jar daitekeena da giro aparta izan dela gaur goizean herrian. Azken egunotan ez bezala, eguzkipean, gainera.
Libre zeuden kaleak, beteta. Hori bai, jaioberrietatik hasi eta adinekoenetara arte, baina adin-tarte bat faltan: gazteak. Azken gauarekin izango du, akaso, lotura horrek. Gaua parrandan eman ondoren, goiza, ezinbestean, deskantsurako hartu behar.
Arkume jatea
Deskantsurik hartuko ez dutenak Ardi Latxa elkarteak antolaturiko Arkume Jatean parte hartuko dutenak dira. Aurten iaz baino mahaikide gutxiago espero zituzten antolakuntzakoek —iaz 700 baino gutxiago izan ziren—, eta sorpresa itzela eraman dute: 730entzako prestatu behar izan dituzte mahai eta aulkiak. Madalensoro kanpo eta barru hartu behar izan dute.
Pilotalekura lekualdatu behar izan dute aurten ospakizuna, arestian aipatu bezala, Done Eztebe plaza txirrindulariek eta zaleek hartu baitute 10:00etatik bazkalordura arte. Herriaren behealde horretara gerturatzen hasterako antzeman zitekeen janari usaina goiz-goizetik. Bertan ziren lanean arkume erretzaileak eta paellaren ardura hartu duten sukaldariak.
Azken eguna dute gaur Oiartzungo Xanisteban Jaiek: haurrena. 16:00etatik 20:00etara bitarte, eguneko protagonistentzako gunea zabalduko dute Haurtzaro ikastolako jolastokian. Haur eta gazteentzako parkea izango da bertan, ikastolak antolatuta. Arratsaldean ere izango da beste zerekin hartu gozatua: 26. Truk Txapelketa, txokolatada, Aitor Txiki XIV. Areto Futbol Txapelketaren finala, dantzaldia, musika jaialdia eta, bukatzeko, Zezensuzkoa. Bide Batez taldeak esango die agur jaiei gauerdian plazan.
Oraindik, ordea, hasi besterik ez da egin xanistebanen azkena. Goizeko giroak utziriko zenbait irudi ikus daitezke jarraian.