Hiru bandera banatuko dituzte larunbatean badian
Pasaiako XXXVIII. Ikurriña, Pasaiako X. Ikurriña eta Errenteria Hiria X. Ikurriña lehiatuko dituzte, hurrenez hurren, KAE1, ETE eta KAE2n.
Datorren larunbatean, hilak 12, urteroko traineruen festa izango da Pasaian. Bertan hiru bandera izango dira jokoan: Pasaiako X. Ikurriña ETE kategorian, Pasaiako XXXVIII. Ikurriña KAE1en, eta Errenteria Hiria X. Ikurriña KAE2ko arraunlari onenentzat.
Gaur goizean agerraldia egin dute udaletxearen kanpoaldean Pasaiako Jarduera Fisiko eta Kirol arloko arduradun Julen Rodriguezek, eta bertako udal gobernukide Miguel Mari Torreak, Aintzane Tabernak eta Mikel Garciak. Haiekin izan da, halaber, Joxean Giron, San Juan Koxtape Arraun Elkarteko ordezkaria.
Pasaiako bi banderak, ETE eta KAE1 mailetan banatuko direnak, klub arrosak, KAEk eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatu dituzte, udalaren babespean. KAE2 mailakoa, aldiz, kategoriako seigarren estropada puntuagarria izango da, eta Hibaika Arraun Elkarteak eta KAEk antolatu dituzte, Errenteriako Udalaren sostengupean.
Etxekoak
Pasaiako Udaleko ordezkariek sinaturiko hitzetan adierazi dute “ohorea” dela eurentzat halako kirol jarduera batean babesle gisa parte hartzea. “Eta gozatzen dugu arraun zale garen horretan, noski”. Aipamen berezia egin diete, jakina, herriko elkarteei: “Herriko bi traineru ditugu hortxe lehen postuetan lehian, beraz, kirolzale guztiak animatzen ditugu larunbat honetan izango den estropada horretara etor daitezen”.
KAE1eko sailkapen orokorrean bigarren da San Pedro gaur-gaurkoz, eta laugarren San Juan. Kategoria bat beherago, traineru arrosa seigarren doa (zazpi dira). Oreretarrei dagokienez, emakumeen liga gorenean da Hibaika, eta seigarren ari dira. KAE2ko gizonen trainerua, berriz, bosgarren, San Juanen aurretik.
Erlojupekoak
Estropadak, hurrenez hurren, hala lehiatuko dira: 11:30ean ETE Ligakoak, 12:00etan KAE1 eta 12:00etan KAE2. Estropada eremua, esan bezala, badia. San Pedroko Torreko eta Donibaneko Santiago plazen arteko eremua izango dute irteera nahiz helmuga traineruek. Bertatik itsaso zabalerantz abiatuko dira ziabogak egiteko, erlojupekoan.
ETEkoek bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dituzte, eta KAEkoek lau luze eta, beraz, hiru ziaboga. Txanda bakarrean irtengo dira emakume arraunlariak, indarrean dagoen sailkapen orokorraren arabera antolatuta. KAE2koek bi txanda izango dituzte, lehenean hiru traineru arituko dira eta hurrengoan lau. KAE1eko hamabi ontziak, antzera: bi txandatan, seina bakoitzean.