Hondarribia eta Hibaika, Kontxarako txartelaren bila gaur
Ezusteko handirik ez bada, Hondarribiko eta Errenteria-Oreretako emakumeen traineruak Kontxako banderaren lehian izango dira.
EuskoTren Liga bukatuta, gaur dute Hondarribia Arraun Elkartearen eta Hibaika Arraun Elkartearen emakumeen traineruek urteroko hitzordurik zirraragarri, eta aldi berean garrantzitsuenetakoa: Kontxarako sailkapen estropada. 18:00etan hasiko da Gipuzkoako hiriburuko badia nagusian. Zazpi txartel daude banatzeko (Donostiarrarena da zortzigarrena, jada sailkatua dago), eta Oarso Bidasoko bi ontziek aukera sendoak dituzte irailaren 3 eta 10eko estropadan izateko. Hori dute helburu. Horrela ez balitz, akats handitzat hartuko lukete bi arraun elkarteetako kideek, eta zaleek. Itsasoan azaldu behar da, ordea, Kontxan sartzeko ustezko faborito izaera hori.
Erlojupekoa izango da gaurko sailkapen estropada, 1,5 miliakoa, ziaboga bakarrekoa. Bi taldetan banatu dituzte parte hartuko duten 18 ontziak. A taldean, EuskoTren Ligakoak, nahiz ETE Ligako eta Galiziako Ligako irabazleak izango dira, honakoak: Hibaika, Hondarribia, Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea, Kaiku, Cabo, Chapela eta Tiran. B taldekoak dira, ustez, apalenak, ETE Ligakoak eta Galiziako Ligako beste ontziak direlako: Cesantes, Perillo, Deustu, Hernani, Mugardos, Ondarroa, Astillero, Zarautz eta Zumaia dira.
Goizean egingo dute bai taldeen irteera ordenaren, eta talde bakoitzeko partaideen hurrenkeraren zozketa.