Ikasle berriek ostiraletik eman dezakete izena Musika Eskolan
Herriko musika eskolan hasi nahi dutenek irailaren 1etik 8ra arteko epea dute izen ematea egiteko.
Aurreko urteetan ikasle izan direnen izen emate aroa bukatuta, orain, berrientzat txanda zabalduko dute Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolan. Ostiralean hasi (irailaren 1ean) eta irailaren 8ra arteko epea dute haiek Lezon musika ikasketak egin nahi dituztela adierazteko. Irailaren 4an hasiko da ikasturtea herriko Musika Eskolan. Izen ematea egiteko 943 52 99 99 telefono zenbakira hots egin behar dute interesdunek, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara.
Ikastaroei dagokionez, honakoak dira nagusienak: musika eta mugimendua; musika mintzaira; musika hezkuntza; talde instrumentala eta talde korala. Hala, izena ematen dutenek instrumentu zehatz batean trebatu nahi badute, honakoak dira haien aukerak: trikitixa, panderoa, pianoa, klarinetea, saxofoia, txistua, flauta, perkusioa, biolina, biola, akordeoia, tronpeta, gitarra, bateria, eta gitarra elektrikoa.
Instrumentuen ikasleekin harremana egin nahi bada, irailaren 1ean egin beharko dute informazio osagarria nahi dutenek, 17:00etatik 18:00etara eta telefonoz. Musika mugimendua, musika mintzaira eta musika hezkuntza ikasiko duten ikasleen gurasoekin komunikazioa eskolen lehen astean egingo dute; ordutegiak zehazteke daude.