Santakrutzen ondoren, bi eguneko abentura Xoxolurrekin
Irailaren 23an eta 24an Nafarroa aldera joango dira herriko mendizaleak. Izena emateko epea irailaren 12ra arte da zabalik.
Ikasturteko lehen irteera handira prestatu du Xoxolur Mendi Klubak. Bi egunez Lezo ahaztuko dute, irailaren 23an eta 24an zehazki. Izan ere, santakrutzen hurrengo asteburuan egingo dute bi eguneko abentura, eta herriko kaleak festetan zehar ongi asko zapaldu ondoren, arnasaren bila joango dira Nafarroa aldera. Arnasa hartu bai, baina ez dira geldirik egongo. Beherago, bi egunetako ibilbideen eta egingo direnen zerrenda.
Irteerarako izen emate epea zabalik da, irailaren 12ra arte (asteartea). Autobuseko plazak lehenago beteko balira, orduan itxiko lukete apuntatzeko aukera. Izena emateko, bi bide:
- Taldeko Whatsparen bitartez.
- Posta elektronikoz.
Izena ematerakoan, partaideen kopurua eta haien izen-abizenak zehaztu behar dira, eta haurrak baleude haien adina. Bi eguneko abenturaren prezioa 30 eurokoa da helduentzat, eta 15ekoa haurrentzat: autobusaren prezioa da hori, aterpea doan izango baitute. Ordainketa Laboral Kutxako honako kontu korronte zenbakian egin behar da: ES23 3035 0125 12 1250025474 (kontzeptuan norbanakoaren edo familiaren izena jarri behar da).
Irteeraren xehetasunak
Hilaren 23an (larunbata) irtengo dira herriko mendizaleak Nafarroa aldera, 08:30ean, Sotxo taberna ondotik. 10:30ean hasiko dute bidea, Irantzuko monastegitik hasi, Urbasako mendilerroan dagoen Krezmendiko gailurra (1.120 metro) eurena egin, eta Artaza herrian bukatzeko. 14 bat kilometroko ibilbidea da. Arratsaldean Artaza herrian gozatzeko aukera izango dute txangolariek.
Hilaren 24an, berriz, sei kilometro inguruko goizeko ibilbidea egingo dute. Lehenik, autobusez Larrion herrira joango dira, handik San Faustoko haitzetako Lazkua begiratokira (717 metro) iristeko, Altikogaña gailurrera igo (733 metro) eta Eraul herrian bukatzeko: hango La Pampinela pizzerian bazkalduko dute (nork berea ordaindu behar du). Bazkalostean aterako dira Lezorantz.
Eraman beharrekoaz ere argibideak eman ditu Xoxolurrek. Larunbateko mendi irteerarako hamaiketakoa, bazkaria, ura (bidean ez da iturririk) eta mendirako arropa egokia. Autobusean geldituko den maletan, berriz, aldatzeko arropa, lotarako zakua eta aislantea/esterilla, larunbateko afaria, igandeko gosaria eta igandeko mendi irteerarako hamaiketakoa eraman behar dira.