Hondarribia, eta baten bat gehiago?
Kontxarako gaurko sailkapen estropadan faboritoen artean da Hondarribia. San Pedrok oso-oso zail du sailkapena, eta San Juanek eta Hibaikak ia ezinezko.
2023ko Kontxarako gizonen sailkapen estropadak 24 traineru bilduko ditu gaur, 18:00etan hasita. Hiru itsas miliako (5.554 metro) eta ziaboga bakarreko lehian 24 traineru murgilduko dira, tartean Oarso Bidasokoak: Hondarribia, San Pedro, San Juan eta Hibaika. Banderaren lehian izateko faborito nagusienetakoa da Hondarribia, uretan gertatzen denaren zain, sasoian ikusitakoa kontuan hartuta gaur txartela lortuko duen zazpikoetaren barruan koka daitezke berdeak. Baina, bada beste aukeraren bat Oarso Bidasoko ontziei dagokienean? Hondarribia, eta baten bat gehiago barruan? Sartuko balira, 15. Kontxa irabazteko bidea hasiko luke Hondarribiak.
Ama Guadalupekoa-rekin batera Kontxan izateko Oarso Bidasoko bigarren hautagai nagusia San Pedro da. Libia Kontxan izatea, ordea, ezusteko handia litzateke. Bai, KAE1 Liga irabazi dute moreek, eta atzoko emakumeen sailkapen estropada ikusita —ETE Ligako Zumaia eta Kaikuk plaza lortu zuten— itxaropena elikatzera eraman dezake baten bat. Baina ia ezinezko da sanpedrotarren presentzia Kontxan, batez ere Eusko Label Ligako hamabi ontzietako gehienek ustez moreek baino maila altuagoa eta kasurik onenean paretsua dutelako. Oilar asko, gehiegi agian, oilategian.
San Pedrok sailkapena oso zail badu, are zailagoa dute San Juanek, eta batez ere Hibaikak. Baina tira, kirolean ikusi izan dira ezusteko galantak, eta gaur, zergatik ez, horietakoren bat gerta liteke.
Gaurko erlojupeko estropadarako bi talde antolatu dituzte. A taldean Eusko Labeleko hamaikak (Donostiarrak jada berea du Kontxan izateko eskubidea) eta Galiziako Ligako txapeldun Ares daude. B taldean, berriz, KAE1, KAE2 eta Galiziako gainontzeko ontziak. Taldeen irteeraren zozketa, eta talde bakoitzeko ordenarena, eguerdian egingo dute.
- A taldea: Urdaibai, Cabo, Ares, Getaria, Hondarribia, Kaiku, Isuntza, Ondarroa, Orio, Meira, Santurtzi eta Zierbena.
- B taldea: Arkote, Bueu, Zumaia, Deustu, Elantxobe, Lapurdi, Mutriku, San Juan, San Pedro, Hibaika, Tiran eta Zarautz.