[Argazkiak] Hamabosgarren Kontxarako bidea hasi du Hondarribiak
'Ama Guadalupekoa'-k erraz lortu du banderaren alde lehiatzeko plaza. San Pedro, San Juan eta Hibaika, kanpoan.
Hamabosgarren Kontxa irabazteko bidea hasi du gaur Hondarribiak, urteko banderarik preziatuenean izateko sailkapen estropadan jokoan zeuden zazpi plazetako bat bere egin duelako: bigarren izan dira berdeak, Zierbenaren denbora onenetik (20.01) 15 segundora. San Pedrok, San Juanek eta Hibaikak, ordea, ezin izan dute barruan sartzerik izan, pronostikoak betez. Gauzak horrela, laugarren urtez jarraian ez da Pasaiako ontzirik izango Kontxan —azkena San Pedro izan zen, 2018ko edizioan—. 1997 eta 1998 urteetan, adibidez, lau izan ziren bandera irabazteko lehiatu ziren ontzi pasaitarrak: San Pedro, Pasai Donibane-Koxtape, Donibaneko Arraunlariak eta Trintxerpe-Illunbe. Hondarribiak azkenekoz 2020an irabazi zuen Kontxa, 2018koa eta 2019koa ere irabazi ondoren.
Faboritoentzat betebeharra. Traineru txikientzat sari handia. Hori da Kontxarako txartela lortzea ontzi ustez handi eta txikientzat. Hondarribiarentzat betebeharra zen, eta egin du. 128. Kontxako Banderan parte hartuko du. Eskubidea, gainera, erraz antzean lortu du. Sailkapenean zeuden 24 ontzietatik bigarrena izan da, atzoko emakumeen lehiakoa baino itsaso bareagoan. Joaneko luzearen ondoren bigarren izan da Hondarribia, eta bueltakoan distantziak mantendu eta bigarren postu horri eutsi dio helmugan. Lasai, baina lasaitu gabe egin dute estropada Mikel Orbañanosek entrenatutakoek. Uretan azaldu dute faborito zirela gaurkoan, beraz, 128. Kontxa irabazteko ere prest daudela.
Oarso Bidasoko traineruen artean hurrena San Pedro izan da, 15 postua eskuratuz; Eusko Labelerako igoera play offerako lehia polita izan dute gaurkoa moreek, baina erne, Santurtzi, Lapurdi eta Ares aurkariak aurrean izan dituztelako, eta Bueu atzetik. San Juan 19. postuan sailkatu da, eta Hibaika 23.
Hemen, gaurko estropadako sailkatuak, eta Oarso Bidasoko ordezkarien denbora eta postuak:
Kontxan
- 1. Zierbena 20.01
- 2. Hondarribia +15
- 3. Orio + 16
- 4. Urdaibai +20
- 5. Cabo +31
- 6. Getaria +33
- 7. Ondarroa +36
- Donostiarrak jada bazuen, gonbidapen bidez, sailkapena lortua.
Kontxatik kanpo
- 15. San Pedro 21.02
- 19. San Juan 21.22
- 23. Hibaika 22.25