[Elkarrizketa] “Nire bizitzaren doinua modu minorrean emango nuke”
Gaur jasoko du Oarsorrak Euskararen Saria, Oiartzungo Landetxen, 19:00etan. Ez du hizketaldirik prestatu. Haren adierazteko era pianoaren ondoan kantatzea baita, euskaraz.
Musikagintza eta laguntasuna. Elkarri eskua emanda joan dira Antton Valverde (Donostia, 1943) musikagilearen kasuan. Eta euskara beti izan du bidelagun: «Euskaraz abesteak betetzen nau, beste hizkuntzetan kantatzea arrotza da niretzat. Ez da sentimendu bera, desberdina da». Orain dela hiru urte atera zuen Gaua. Ausentziaren itzala bere azken proiektua eta horren ondotik «antzututa eta hustuta» gelditu zela aitortu du. Dena den, bere egunerokoan musikak leku nabarmena du, ez dio inoiz pianoa jotzeari utzi. Oarsoarrak Euskararen Saria jaso izana ere halaxe eskertuko du, pianoaren doinuekin.
Nola hartu duzu Oarsorrak Euskararen Saria jasotzearen berria?
Ongi hartu nuen deitu zidatenean, ez nuen inongo dudarik izan onartzeko, inolako disimulorik gabe diot [barreak]. Kontent nago, gainera nik Oiartzunekin lotura izugarria dut. Gurasoak errenteriarrak izan arren, Oiartzunen etxe bat zuten eta nik udara guztiak Oiartzunen pasatzen nituen. Kantatzeko ere askotan deitu izan didate eta abeslarien artean nire lagunik onena ere oiartzuarra zen [Xabier Lete]. Bai, oso kontent egia esan.
Sekula ez didate saririk eman, hau berria da niretzat. Momentu honetan ez dakit zer egingo dudan oholtza gainean… Diskurtsorik ez dut prestatu gainera, ez dut askorik hitz egingo. Nire gauza kantatzea da eta hori egingo dut. Oraindik ez dut pentsatua zer kantatuko dudan, baina seguru aski Xabier Letek egindako letraren batekin nik musikatutako zerbait izango dela. Hori iruditzen zait egokiena.
Udarak Oiartzunen pasatzen zenituela esan duzu. Zein oroitzapen dituzu?
Ekainetik urrira bitarte urtero-urtero joaten ginen denok huts egin gabe. Nire gurasoak, aldiz, Donostian bizi arren, egunero Oiartzunera joaten ziren autoa hartuta. Nire aita zenak Oiartzungo etxean pasatzen zituen orduak pintatzen, idazten… eta nire ama etxea gobernatzen. Nire aitak han zuen bere estudioa eta hantxe galtzen zen. Lagunak ere hara eramaten zituen.
Gustura ibiltzen nintzen. Goizean goiz bizikleta hartu eta gaua iritsi arte ibiltzen nintzen. Herritik Gurutzera, Gurutzetik Iturriotzera… Kilometroak eta kilometroak egiten genituen eta gero ilunabarrean plazara joaten nintzen. Nire adineko neska-mutikoak elkartzen ginen eta jolasten ibiltzen ginen. Oroitzapen politak ditut. Xabier [Lete] Oiartzuni esker ezagutu nuen.
Saria Oiartzunen jasotzeak nolabaiteko esanahi edo zirrararik sortzen dizu?
Bai, estimatua sentitzen naiz. Landetxe ezagutzeko aukera izango dut gainera.
Epaimahaiak euskal kulturari egin diozun ekarpen «itzela» nabarmendu eta goraipatu du.
Eskertzen diot epaimahaiari. Baina nire ekarpena zer izan da, bada? Kanta zaharrak hartu, gaurkotu eta kantatu. Gauza handirik ez. Kantu zahar horiek ezagutarazi ditut, egia da, baina ez dakit horrenbesterako den. Garai batean kanta zaharrak bakarrik jotzen nituen, baina gero berriekin hasi nintzen; alegia, nire musika egiten hasi nintzen. Letrei dagokienez, behin bakarrik egin dut nirea…
«Nik ere euskararen alde zerbait egin behar nuela pentsatu nuen»
Behin bakarrik? Zergatik?
Oso letra txarra da [barreak]. Xabierrek [Lete] komentario bat ere egin zidan. Ez dut gogoratzen zehazki nola esan zidan, baina esan zuenagatik nik uste berari ere ez zitzaiola askorik gustatu. Ile apaindegira ilera moztera noala kontatzen dut; ispiluan nire burua ikusten dut eta han ikusten dudana ez zait gustatzen. Horri buruzkoa da idatzia, lau edo bost bertsoz osatua. Kanta hori Gregorio ile apaindegiko jabeari eskaini nion. Gaiak grazia pixka bat badu, baina ez dago oso ondo egina [barreak]. Hori da kontua!
Zer izan da zuretzat euskaraz kantatzea?
Behin aita zenarekin Berara (Nafarroa) joan nintzen jaialdi batera. Han Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta beste hainbat zeuden. 1968. edo 1969. urtea zen. Nik ere euskararen alde zerbait egin nahi nuela pentsatu nuen, besterik gabe. Gitarra ere jotzen nuen, eta disko bat grabatu nuen Iñaki Beobidek emandako aukerari esker. Ordutik aurrera jendea deika hasi zen, abiadura hartu nuen, eta gaur arte. Nire motibazioa euskara eta kultura ziren.
Garai hartan edo orain euskaraz abestea, alde pixka bat egongo da.
Bai, bai badago. Ez du zerikusirik, lehen euskaraz kantatzen ibiltzea konplikatu samarra zen alde askotatik. Alde batetik, baldintza teknikoak penagarriak izaten ziren, eta bestetik, zentsurarekin beti problemak zeuden. Bakoitzak onartutako errepertorio bat eduki behar genuen, Informazio eta Turismo Sailak onartua. Toledotik-edo etorritako ordezkari bat zegoen eta hark baimena ematen zuen edo ez. Edozein astakeri, edozein tontakeri debekatzen zuen, ulergaitza zen. Baina horrela zen eta hortik pasatu behar genuen. Jaialdi bakoitzeko zer kantatu behar genuen bidali behar genuen, baina gero kantaldietan potroetan jartzen zitzaiguna egiten genuen. Beti norbait bidaltzen zuten kontrolatzera, baina normalean ez zen ezer pasatzen. Hala ere, beti kontrolatuak sentitzen ginen, beti.
Zentsurarekin Xabierrek [Lete] bazuen proposamen bat. Egun batean zerbait debekatu zioten eta asko haserretu zen. «Honi zigorra ezarriko nioke, soto batean sartuko nuke disko-jogailu batekin eta gure kantak entzunaraziko nizkioke behin eta berriz!», esaten zuen.
Euskal Kantagintza Berriaren garai horiek nola bizitu zenituen?
Niretzako mundu desberdin batera sartzea bezala izan zen. Ordura arte enpresan nenbilen lanean —gero ere—, eta mundu hori ez nuen ezagutzen. Egia esan behar badut hor nire lagunik onenak aurkitu nituen. Xabierrekin zer esanik ez, baita besteekin ere: Mikel [Laboa]… Oso gustura sentitu izan naiz eta nire burua nolabait justifikatua ikusi dut horretan aritzeagatik.
Horrez gain, Euskal Herria ezagutzeko aukera ezin hobea eman dit, leku asko eta askotan ibili bainaiz. Baita Euskal Herritik kanpo ere: Salamancan, Valladoliden, Zaragozan, Madrilen… eta Txipren.
Nolatan Txipren?
Iñaki Beobideren bitartez gonbidapena ailegatu zitzaigun. Oso kuriosoa zen: Mediterraneoko estaturik gabeko nazioen jaialdia zen. Mediterraneotik guk ez dugu ezer, baina beno… Uste dut kataluniar batzuk ezin zutela joan esan zutela, eta orduan gu izan ginen ordezkoak. Xabier eta ni kontent arraio joan ginen, dena pagatuta eta astebete edo hamar egun izan ginen han, oso-oso ondo. Jaialdia Eurovisionen bertsio zakar bat izan zen, estaturik gabeko nazioen kontu horrekin ez zuen inongo zerikusirik azkenean. Seguru aski kataluniarrak horretaz ohartu eta horregatik bota zirela atzera!
«[Euskal Kantagintza Berriaz] Mundu desberdin batera sartzea bezala izan zen»
Kontzertuz kontzertu ibiltzen zineten Lete eta zu, baina momentu batean gelditzea erabaki zenuten.
Bai, ezinezkoa zen, ezin zen normal kantatu. ETAko batek guardia zibil bat hiltzen zuen eta hurrengoan Guardia Zibilak ETAko norbait, edo grebak ziren… beti bazen zerbait eta kontzertuetan jendea joka-eta ibiltzen zen. Gelditzea erabaki genuen. Urte dezente egon ginen jo gabe. Kontzertuak leku desberdinetan ematen genituen, aretoetan, frontoietan… Frontoietakoak izaten ziren nolabait zaratatsuenak. Teorian jendeak giro horretan kontzertuak behar zituen, baina azkenean aitzakia ziren beste era bateko bilerak egiteko eta guk ez genuen hori nahi.
Familiako enpresan lan egiten zenuela aipatu duzu. Nola uztartzen zenuen musikagintzarekin?
Nahiko ondo moldatzen nintzen. Kontua da entsegu asko ez genituela egiten, erraztasuna nuen musika egiteko eta interpretatzeko orduan ez nuen entsegu askoren beharrik. Horrek enpresan behar bezala lan egitea baimentzen zidan.
Familiako enpresari esker, inprentari esker, artista asko ezagutzeko aukera ere izan zenuen.
Bai, hori nire aitari zor diot. Bera multidiziplinatua zen: pintore, idazle… eta lagunak zirkulu horretakoak zituen. Gure etxera jende asko etortzen zen estropadak ikustera, Guridi, Nemencio Etxaniz, Chillida, Oteiza, Aita Donostia… Artista plastiko batzuekin hartu-emana sortzen zen inprentan kartelak egiteko, liburuak egiteko… Noizbait ikusia dut Nestor Basterretxea fabrikan zuzenean margotzen arkatz litografikoarekin inprimatzeko plantxa bat.
Musikan aritzeko grina familiatik datorkizu.
Nire aitaren bi arrebak musikariak ziren eta horietako batek [Jesus] Guridiren katedra hartu zuen hura hil zenean. Sei urte nituela piano baten aurrean jarri ninduten eta ordutik beti jo izan dut. Musika ikasketak egin nituen bururaino.
Lauaxetaren olerkiak musikatu dituzu batik bat. Zergatik bera?
Joxeanton Artzek liburu bat atera zuen, Isturitzetik Tolosan barru, eta liburu horren portada egiteko gure inprentara etorri zen. Portada horretan hainbat argazki sartu nahi zituen, tartean Lauaxetarena. Ordura arte nik ez nuen entzuna ere bere izena, baina halako zerbait egin zidan barruan. Handik urte batzuetara liburuxka bat atera zen Lauaxetaren poesia gehienekin, eta liburu horri hamaika buelta eman dizkiot eta hortik disko bat atera nuen. Ordutik Lauaxeta oso barneratua daukat. Alde batetik, bere poesia asko gustatzen zait noski, eta bestetik, pertsona. Nola daiteke horrelako pertsona bat fusilatzea?
Poesia irakurtzean beti omen duzu edo beti omen datorkizu musika burura. Poesia guztiarekin gertatzen al zaizu hori?
Batez ere metrika aldetik karratuak direnekin, besteekin ez. Besteekin indar gehiago egin behar dut musikari forma emateko.
«Lauaxeta oso barneratua daukat»
Orain baduzu zerbait esku artean?
Zerbait bai. Karlos Linazasororen, Miren Agur Meaberen eta beste hainbaten olerkiak ditut esku artean.
Zure bizitza osotasunean hartuta, zure bizitza poesia batean irakurriko bazenu, zein musika ezarriko zenioke?
Tristea ez behintzat, alaia izango litzateke. Egokitu zaidan bizitzarekin konforme nago. Tristura ez, baina euskal doinuek askotan dute halako sentimendu espezial bat, gehienak modu minorrean dira eta nire bizitzaren doinua ere modu minorrean emango nuke, maiorrak baino askoz gehiago hunkitzen nau. Modu minorrean eta erritmo lasaian.