Bixi-Bixikoak, Saharara
Donibaneko elkartearen ekimenez hamar kidek elkartasun jarduerak egingo dituzte Saharako Tindufeko kanpamenduan.
Donibaneko Bixi-Bixi elkarteko kideek Sahararako bidea hartu dute goizaldean. Tindufeko kanpamenduetara bisitaldia egingo dute hamar egunez. Elkarteko Sahararekiko Elkartasun Lantaldearen ekimenez joan da hara hamar laguneko taldea. “Lantaldea diogu, bisitaldiaren helburua ez baita soilik udan gure artean izan diren haurrak eta haien familiak bisitatzea. Oporrak Bakean programak Sahararekiko harreman bideak zabaltzen ditu”, esan dute sanjuandarrek.
Saharako herrirako laguntzarekin hainbat poltsa erraldoi eraman dituzte hegazkinean. Baina harago doa elkarlana: hainbat egitasmo egikaritzera doaz. “Besteak beste, premia bereziko haurren eskolako argiteria hobetu, eta ikasleen trebatzeari begirako josteko makina elektrikoak erabiltzeko ikastaroa egingo dugu. Gainera, bertako ur biltegi berria eraikitzea ere izango dugu zereginen artean. Emakumeekin bideratuko den osasun arloko ahalduntze programarekin ere arituko gara, haien askatasuna eta burujabetza indartze aldera”. Oftalmologia arreta ere emango diete ikusmen arazoak dituzten haurrei.
Sahararrekin orpoz orpo lan egiteaz gain, hango agintariekin biltzeko asmoa dute. Hala, Aussed barrutiko gobernadorearekin elkarrizketatzeko asmoa dute, datozen urteetan garatu beharreko lan ildoak zehazte aldera. Osasun, Hezkuntza, Giza Eskubide eta Emakumeen Ahalduntze ministerioetako arduradunekin ere izango dituzte aurrez aurrekoak.
“Elkartasuna ezin da hitz hutsala izan”, esan dute Bixi Bixikoek. Hala, hitz hori praktikara eraman dute azken urteetan sanjuandarrek, “eta engaiamendu horren emaitzak begien bistakoak dira basamortuko bizitza latz hartan”.