Ibon Arrieta sanpedrotarra, onena ergometroan
Larunbatean Espainiako Arraun Federazioak antolatzen duen zirkuituko hirugarren indoor ergometro proban hartu zuten parte Sanpedrotarra Arraun Elkarteko bost kidek.
Larunbat goizean Espainiako Arraun Federazioak antolatzen duen zirkuituko hirugarren indoor ergometro proban hartu zuen parte Sanpedrotarra Arraun Elkarteak.
Nesken kadete mailan, Izar Perkaz eta Amane Salaberria kideak aritu ziren, eta 2.000 metro egin behar izan zituzten ergometroan. Perkaz bigarren postuan sailkatu zen, eta Salaberria seigarren izan zen.
Mutilen kadete mailan, aldiz, Beñat Mayo eta Urko Iturrioz izan ziren parte hartzaileak. Nesken moduan, 2.000 metro osatu zituzten ergometroan. Mayok hirugarren postuan bukatu zuen, eta Iturriozek, bosgarrenean.
Berrogei eta berrogeita hamar urteko arteko beterano mailari dagokionean, Ibon Arrieta sanpedrotarra izan zen onena. 1.000 metroko ergometro proban lehen postuan sailkatu zen. Loren Jauregik ezin izan zuen parte hartu arazo fisikoengatik, eta entrenatzaile postuan aritu zen.
