Mikel Arruti: "Oso gogorra izan da. Babes osoa helarazi nahi diegu familiei eta lagunei"
Lezoko alkateak, herritar guztien izenean, babes eta samin hitzak helarazi dizkie atzoko trafiko istripuan hildakoen senide eta lagunei.
“Oso gogorra izan da. Babes osoa helarazi nahi diegu familiei eta lagunei”. Mikel Arruti Lezoko alkateak prentsarako adierazpenak egin ditu, atzo Lezo eta Errenteria-Orereta arteko Gi-636 errepide zatian izandako trafiko ezbeharraren harira. Bi gazte hil ziren bertan, bat lezoarra eta bestea altzatarra, baina Antxon oso ezaguna azken hori. Hirugarren gazte bat oso larri dago ospitalean, antxotarra hura. “Ez dira egun errazak ez lezoarrentzat ez eta Oarsoaldeko biztanleentzat ere. Atzoko albistea oso gogorra izan da”.
Lezo herri txikia izanik, gutxiago edo gehiago denek elkar ezagutzen dutela adierazi du alkateak: “Lezo bezalako herri batentzako oso latza izan da albistea. Beti da gogorra gazte baten heriotza, baina are gogorragoa da horrelako egoera batean izatea heriotza horiek, istripuz, bat-batean. Ez dago hitzik bai familiak eta lagunek duten mina arintzeko. Lezoko eta eskualdeko herritar guztien berotasuna eta doluminik sentikorrena helarazi nahi dizkiegu”. Hirugarren kide bat oso larri dago erietxean. “Espero eta desio dugu onera egitea”.