Argi berdea aurrekontuari
Ezohiko saioan aztertu du gaia udalbatzarrak. Gobernu taldearen aldeko botoekin egin du aurrera aurrekontu proposamenak.
Luze eta korapilatsu jo zuen atzoko plenoak. Korapilatsu, bozketa asko izan zirelako tartean. Ezohiko saioa izan zuen, eta gai izarra, aurrekontu proposamena. Aurrera egin zuen gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektuak eta beraz, 66 milioi pasako diru zatia izango da bost erronka nagusiri erantzuteko 2024an.
Aurrekontu proposamenari argi berdea atzoko saioan, gobernu taldea osatzen duten bi alderdien babesarekin; oposizioko gainontzeko guztiek kontra egin zuten.
PSE-EE txikira eta handira egin zuen aurrekontuen gaian. Osoko emendakina aurkeztu zuen; baita hamar zatikako zuzenketa ere gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektuari. Ez batek ez besteak ez zuten aurrera egin babes nahikoa ez zuelako jaso alderdi sozialistak.
EAJk, bere aldetik 12 zatikako emendakin aurkeztu zizkion aurrekontu proposamenari. Horiek ere ez zuten aurrera egin.
Azkenik, PPren emendakinak ere aztertu eta bozkatu zituzten. 13 zuzenketa planteatu bazituen ere, soilik sei bozkatu ahal izan zituzten, gainontzeko zazpiek ez zutelako bozkatu ahal izateko bermerik betetzen. Sei horiek ere paperean baino ez ziren gelditu, alderdi popularraren zinegotzi bakarrak babestu zituelako.
Hori horrela, Gobernu Taldearen aurrekontu proiektua izango da datozen lau urterako gida, bide orria berriz, agintaldi planak jarri du mahai gainean. Ogasun zinegotzi Eneko del Amok gogorarazi zituen gobernu taldeak aurkeztutako proiektuaren bost erronkak: Tokiko ekonomia indartzea, gizarte babesari beste bultzada bat ematea, trantsizio ekologikoa azkartzea, hiria biziberritzen jarraitzea, eta kultura zabaltzea.
%5 handiagoa den aurrekontua
Aurreko urtekoarekin alderatuta %5 handiagoa da 2024rako onartutako aurrekontua, 3.000.000 euro handiagoa, zehazki. Foru Funtsaren ekarpena, gako izan da aurrekontuaren hazkunde horretarako. Ekarpenik handiena izaki, handitu egin da, %6,7koa izan da hazkuntza zehazki. Bestetik, proiektu zehatzetarako udalak eskatzen dituen diru laguntzak pisu esanguratsua dute sarreretan, eta horiek ere hazi egin dira, zehazki, %11 hazi da.
Diru sarrerak handitzearekin batera, sailen aurrekontuak ere handitu egin ditu gobernu taldeak aurrekontu proposamenean, sail batean salbu, Ogasunean. Azken horretan jaitsi egin da aurrekontua eta udalaren egoera finantzario onarekin lotu zuen del Amok.
Hazi egin direnak, ondokoak: %11 hazi da garapen ekonomikorako aurrekontua, 1,4 milioi eurokoa izango da orotara aurrekontu hori. Zaurgarrienak ere gogoan. Laneratzeko zailtasun gehien duten pertsona eta kolektiboei begira politika publikoak ere sendotuko dituztelako proposamenaren arabera; horretarako 1.278.400 euroko diru zatia aurreikusi du gobernu taldeak, iaz baino %42 gehiago. 60 kontratu egitea aurreikusi dute udal esparruan.
Gizarte babesa erdigunean
Gizarte babesari begira %4ko hazkundea. Arlo horretan laguntzetara bideratutako diru zatiak handitzeaz gain, proiektu berritzaileak martxan jartzea proposatu dute. Aipamen berezia atzoko plenoan ere Ogasun zinegotziak hautatua ez den bakardadeari, baita ere, gazteen esparruan osasun mentalari eta menpekotasunei heltzeko asmoari.
Beste erronka handi bat, trantsizio ekologikoa. Hura bizkortzeko energia berriztagarrien inbertsioak %52 haziko dira, 330.000 euroko aurrekontuarekin. Oiartzun ibaira 0 isuri helburua lortzeko bidean ur zikloa hobetzeko egingo diren inbertsioak —550.000 euro— eta garraio publikoa sustatzeko egingo den %42ko aurrekontu igoera ere aipatu zituen atzoko plenoan del Amok.
Partida garrantzitsuak jaso dituzte aurrekontuan, gainera, hiria berritzen jarraitzeko proiektuei begira. Besteak beste, Barandiaran parkea eraikitzen hasteko 1.000.000 euro, Iztieta -Ondartxoko hiltegia birgaitzeko 800.000 euro, Beraun kaleko berrurbanizazio proiektua amaitzeko 800.000 euro, Alabergako auzo bihotza sustatzeko 300.000 euro, eta Olibeteko aparkalekuak eraikitzen hasteko 550.000 euro.
Kulturan ere orain arteko lan lerroak sendotzeko apustu garbia egin dute, eta %10 hazi da arlo horri begirako aurrekontua.
Aurrekontuen bidez erronka handiei erantzuteaz gain udal zerbitzu publikoak sendotzeko apustua ere egin dutela zehar lerro moduan. Horrekin batera, udal zerbitzuak auzoetara gerturatzen jarraitzeko inbertsioei aipamena.