Trafiko aldaketak Hospitalillon, Adinberriko lanengatik
Aldundiak jakinarazi du bi zuhaitz moztu behar dituztela Euskadi etorbidean. Jarduketa horiek trafiko aldaketak eragingo dituzte Hospitalillo inguruan astelehenetik aurrera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Trintxerpeko Adinberri Zahartze Zentroa eraikitzeko lanen ondorioz, Euskadi etorbideko bi zuhaitz moztu beharko dituztela. Jarduketa hori hilaren 22an egingo dute.
Obraren zuzendaritzan diharduten teknikariek adierazi dute lur azpian sartu behar dituzten azpiegiturentzako kanalizazioak direla medio, bi zuhaitz moztu beharko dituztela. Bi zuhaitz horiek portu eremuan daudenez, Pasaiako Portu Agintaritza izan da jarduketa baimendu duena. Ondoren, Pasaiako Udalari jakinarazi dio aldundiaren beharra.
Halaber, obraren arduradunek baietsi dute Adinberriren proiektuak Trintxerpeko eremu horretan hamasei zuhaitz berri eta hainbat zuhaixka landatzea aurreikusten duela.
Trafiko aldaketak
Gauzatuko dituzten jarduketen ondorioz, Adinberri inguruan trafiko aldaketak izango direla ohartarazi du Pasaiako Udaltzaingoak. Astelehenean, hilak 11, Hospitalilloko aparkalekurako eta kairako sarbideak aldatuko dira: zonalde horretara sartzeko sarbidea itxi egingo da, eta horren ordez, Euskadi etorbideko 47. zenbakiaren aurrean, taxi geltokian, arrapala bat irekiko da, parking eta kaia eremura bertatik sartu ahal izateko.